Enpresak

Mexikon lortutako 340 milioiko adjudikazioak CAFen eskari zorroa bete du

Beasaingo enpresa buru duen partzuergo batek 690 milioiko kontratua lortu du Mexiko Hiria Tolucarekin lotzeko. %49 dagokio CAFi.

CAFek Istanbulgo metrorako egindako trenak, artxiboko irudi batean. /
CAFek Istanbulgo metrorako egindako trenak, artxiboko irudi batean. / BERRIA

Jon Fernandez -

2014ko azaroak 25

Beasaingo konpainiak jakinarazi du Mexikoko Komunikazio eta Garraio Idazkaritzak (SCT) CAFek zuzendutako partzuergoari adjudikatu diola Mexiko hiria Tolucarekin lotuko duen hiri arteko tren proiektua. Isolux-Corsan, AZVI eta Thales enpresek osatzen dute partzuergoa, CAFekin batera. 

Abenduan sinatuko dute 690 milioi euro (BEZ gabe) inguruko kontratua, eta kopuru horretatik ia erdia dagokio CAFi; %49, hain zuzen. Beasaingo enpresak jakinarazi du bere hornikuntzak material mugigarria bilduko duela: "30 unitate elektriko izango dira, eta bakoitzak bost bagoi izango ditu. Gutxi gorabehera 700 bidaiarirentzako edukiera izango dute, eta barnealde gardena". Azaldu du pertsonen garraio masiborako diseinatuta egongo direla, eta kalitate eta segurtasun arloko estandar gorenak beteko dituztela.

CAF taldeko hainbat adarrek parte hartuko dute Mexikoko proiektuan: CAF Signallingek, CAF Taldeko CMFS eraikuntza enpresak eta CAF Transport Engineeringek.

1992an hasi zen CAF Mexikon proiektuak garatzen, eta, ordutik, Mexiko hiriko metro linea ugaritarako unitateak hornitu ditu. Gainera, mantentze lanen zerbitzuak ere egin ditu. 2008tik, gainera, hiri inguruko lineako bidaiarien tren bidezko garraioaren hornikuntzaz eta ustiapenaz ere arduratzen da. Kontratu hori 30 urterako da, eta Mexiko DF hirian Buenavista-Cuatitlan ibilbidea biltzen du.

"Azken kontrau horri esker, enpresak sendotu egin du Amerika kontinente osoan tren arloko materialaren hornitzaile garrantzitsuenetakoen artean betzen zuen rola", azaldu du Beasaingo konpainiak. Izan ere, Mexikon ez ezik, gaur egun, proiektuak indarrean ditu AEBetan, Brasilen, Kolonbian eta Txilen.

CAFen emaitzak

Joan den urrian eman zituen CAFek irailera bitarteko emaitzak, eta datuek irabazien eta negozio bolumenaren beherako joera erakutsi zuten. Aurtengo hirugarren hiruhilekoan irabaziak %25 jaitsi zaizkio tren egileari, eta negozio bolumena %5, iazko aldi berarekin alderatuta.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna