Europako Batasuna

Sektore pribatuak baldintzatuko du EBko inbertsio planaren arrakasta

Aurreikusita dago inbertitzaile pribatuen poltsikotik ateratzea finantzaketaren %80. Gobernuen dirua erakartzeko asmoz, ekarpena ez zaie kontuan hartuko defizit eta zorpetze kalkuluetan.

Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidentea.
Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidentea. Patrick Seeger / EFE

Ivan Santamaria -

2014ko azaroak 26

Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidente berriak luze iragarritako inbertsio plana aurkeztu du gaur goizean Europako Parlamentuan. Programa "handinahitsua" dela agindu du Junckerrek, kontinente zaharreko ekonomia suspertzeko. 2015. urteko ekainerako martxan egotea da orain helburua.

Asko hitz egin da aldez aurretik programaren finantzabideari buruz. Berez, Junckerren planak 315.000 milioi mugiarazi nahi ditu inbertsiotan. Nork jarriko du dirua? Junckerrek argi utzi du ez dela zorpetzea gehiago handituko. Aldiz, 21.000 milioi euroko funts bat eratuko da, eta diru hori berme gisa erabiliko da inbertsioak finantzatzeko. Hots, inbertitzaile pribatuen parte hartzearen menpe geratuko da egitasmoak arrakasta lortzea. "Jarritako euro bakoitzeko hamabost euroko inbertsioak egingo dira", ziurtatu du Junckerrek.

Hasteko, diruak bi iturri izango ditu. Europako Batzordeak onartuta aurrekontutik 16.000 milioi euro aterako dira. Beste 5.000 milioi euro EIB Europako Inbertsio Bankuak jarriko ditu. Hori oinarri hartuta, herrialdeei ere diru ekarpenak egiteko aukera eskainiko zaie. Ekarpen horiek erakartzeko Bruselak gozoki bat eskaini die gobernuei: egindako ekarpena ez zaie kontuan hartuko zorpetze eta defizit helburuak kalkulatzerakoan. Hots, inbertsio planean dirua jartzeak ez du herrialdeak egun duen finantza zama handituko.

Praktikan, 21.000 milioi euroko gordailu horrekin EIBk 63.000 milioi euroren maileguak egin ahalko ditu. Diru hori "finantzaketa berria" dela azpimarratu du Europako Batzordeak. Mailegu horiek inbertsio planen parterik arriskutsuenak estaliko dituzte. Gainerako finantzaketa guztia, 252.000 milioi euro, sektore pribatuak jarri beharko luke. Diru guztia 2015-2017 urteen artean gastatzea aurreikusita dago.

Hazkundea, denen onerako

Gobernuei parte hartzeko gonbit zuzena egin die Junckerrek aurkezpenean, hazkundea sustatzea baitago jokoan. "Frantzian hazkunde gehiago egotea ona da Italiarentzat. Hegoaldeko Europa gehiago haztea Alemaniaren onerako da", arrazoitu du. Funtsa diru gehiagorekin hornituz gero 315.000 milioi baino gehiago mugiaraziko direla zehaztu du.

Inbertsio horien helburua, bereziki, pertsonek izan behar dute, EBko buruaren ustez. Bere ikuspegia ere irudi zehatz batekin irudikatu du. "Eskola bat ikusten dut Tesalonikan [Grezia], non haurrak ikasgela erabat berritu batera sartuko diren".

Krisia hasi zenetik Europako Batasunean egindako inbertsioa %15 baino gehiago erori dira. 2007. urtean baino 430.000 milioi gutxiago inbertitzen dira orain. Aurrera begirako helburuak eusteko modukoak izateko gutxienez 270.000 milioi gehiago beharko lirateke.

Junckerren planak bide luzea du oraindik aurrez aurre. Abenduan 28 herrialdeetako gobernuei aurkeztuko die Europako Kontseiluan. Ondoren, Europako Parlamentuaren oniritzia beharko du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna