mario fernandezen dimisioa

Gregorio Billalabeitiak ordezkatuko du Fernandez

Mario Fernandezek gaur iragarri du Kutxabankeko presidentetza uzteko erabakia. Adierazi du garai berri batean dela finantza entitatea eta beste pertsona batek hartu behar duela lekukoa. Vocento taldeko egunkariek diote EAJko eta Kutxabankeko zenbait arduradunekin desadostasunak zituela etorkizuneko estrategiaren inguruan eta kapital pribatuaren sarreraren inguruan eta horregatik hartu zuela erabakia.

Mario Fernandez, artxiboko irudi batean. /
Mario Fernandez, artxiboko irudi batean. / JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS

Jon Ordoñez Garmendia -

2014ko azaroak 27

Mario Fernandezek (Bilbo, 1943) Kutxabankeko presidentetza utzi du. Gaur goizean eman du dimisioa Administrazio Kontseiluaren bilera batean, eta ondoren bidali du oharra. Kutxabankek azaldu duenez, uda aurretik aurreratu zion Fernandezek bere agintaldia amaitzeko asmoa "erreferentziazko akziodunari", BBK fundazioari, garai hau bukatutzat emateko eta lekukoa momento egokian emateko. “Garai berri bat hasten dela eta proiektua beste pertsona batek zuzentzeko unea dela uste dut”, adierazi du Fernandezek. BBK-k eskerrak eman dizkio jada egindako lanagatik.

Gregorio Billalabeitiak (Barakaldo, 1951) ordezkatuko du karguan. Seelinger y Conde abokatu langelako bazkidea da 2006ko urtarriletik, eta Zuzenbidean eta Enpresa Zientzietan lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatetik. BBK-ko zuzendari nagusi izan zen, eta lan egin du Argentarian eta BBVAn. Horrez gain, Metrovacesa, Repsol, Gas Natural eta Iberiako administrazio kontseiluetako kide izan da.

BBK-ko presidente 2009an izendatu zuten Fernandez, Xabier Iralaren lekukoa hartuz. Kutxabankek bere oharrean azaldu duenez, hiru kutxen fusioa gauzatu (BBK, Vital Kutxa eta Kutxa) eta horren buru izateko aukeratu zuten. Aurreko bi aldietan fusioak porrot egin zuen, eta hori lortu eta fusioak ekarriko zizkion erronkei aurre egiteko ere heldu zen, oharraren arabera. Hiru kutxek 2012an egin zuten bat, eta Fernandez presidente hautatu zuten.

Argiak eta ilunak

"Banku bat sortzea eta Espainiako sistema finantzieroan dagoen kaudimenduna izatea lortu dugu lan handiko sei urte hauetan. Hau, zuzendu dudan lantalde bikainari eta langileen konpromisoari esker izan da”, azpimarratu du Fernandezek berak Kutxabankek oharrean. Ibilbide horretan, ordea, kritikak ere izan dira. Etxe kaleratzeek eta IRPHren auziak entitatearen jokabide zuzena zalantzan jarri dute. IRPH Stop plataformaren arabera, Donostiako epaitegiak IRPHare aplikazioa indargabetu du 20 etxebizitza mailegutan.

Azken hilabeteetan, gainera, eztabaida handia izan da kutxen izaera dela eta, batik bat, EAJ eta EH Bilduren artean. Ezker abertzaleak EAJri kutxak esku pribatuetan uztea leporatu dio, eta modu horretan gizarte ekintza "arrisku larrian" egongo dela ohartarazi du. EAJk, ordea, ukatu egin du kutxak pribatizatu direnik, eta Europako legediarekin beste aukerarik ez dagoela argudiatu du.

Edozein kasutan, Kutxabank osatzen duten hiru banku fundazioen akzioak saltzen hasteko asmoa duela berretsi zuen orain dela hilabete bat Fernandezek. Izan ere, Espainiako Bankuaren arabera entitate finantziero berriaren jabetzaren %50a ezin dute izan BBK Fundazioak, Vital Fundazioak eta Kutxa Fundazioak. Horiek, baina, argudiatu dute ez direla akziodun bat hiruak elkarrekin, akziodun indibidualak baizik.

Hezkuntza arlora itzuliko da

Fernandezek berak hainbatetan aipatu duenez hezkuntza arlora bueltatzeko asmoa zuen kargua utzi ostean, baita bere ekintza profesional eta pribatuetara bueltatzeko asmoa ere, BBK-ko lehendakaritzan egoteko utzi behar izan zituen eta. Deustoko Unibertsitatean irakasle zen Fernandez, eta abokatua izanik Uria y Menéndez bulegoan lan egin izan du. Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburu (1980-1984) eta lehendakariorde (1982-1985) ere izan zen, eta Eusko Legebiltzarrean parlamentari EAJrekin (1984-1986).

Vocento taldeko egunkariek zabaldu dutenez, ordea, EAJko eta Kutxabankeko zenbait arduradunekin izan dituen desadostasunak izan dira dimisioa emateko arrazoia. Desadostasun horiek etorkizuneko estrategiaren ingurukoak eta kapital pribatuaren sarreraren ingurukoak direla diote egunkari horiek. Egunkari horien arabera, gainera, Gregorio Billalabeitia BBVAko zuzendari ohia izango da Kutxabankeko presidente berria.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna