Erreakzioak. EAJ: "Egoera oso onean utzi du"

 

Berria -

2014ko azaroak 27

Ricardo Gatzagaetxebarria Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburuak azaldu du Fernandezek uztailean jakinarazi ziola BBKri Kutxabankeko presidentetza uzteko erabakia, estres testen emaitzak jaso ostean. Gatzagaetxebarriak nabarmendu du Kutxabank "estatuko tontor finantzariora" eraman duela Fernandezek.

Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitanok dei egin die erakundeei Kutxabanken "norabidea zuzentzera, esku publikoetan jarraituko duela berma dadin". Azaldu du aldundiak "kezkaz" bizi duela bankuaren norabidea, eta ziurtzat jo du Fernandezen presidentetzak "pribatizaziora" zeramala. Hala, presidente berriaren proposamena ezagutu arte itxarotearen alde agertu da.

Xabier Sagredo BBK-ko presidenteak "eskerrik beroenak" eman dizkio Mario Fernandezi "BBK-ko eta Kutxabankeko zuzendari izan den bitartean egindako lan bikainagatik". Sagredoren esanetan, Fernandezek egindako "lanak eta ardurak" bere "errespetu eta miresmen osoa" du, Kutxabank "estatu mailan finantza arloan goi mailan kokatu duelako".

EH Bilduk, berriz, uste du Mario Fernandezen dimisioa Kutxabank "pribatizatzeko" prozesuan eman diren "bestelako erabaki eta egoera ilunen artean beste kapitulo bat besterik" ez dela. Koalizioaren arabera, EAJri dagokio hainbat zalantza argitzea: "Zertara eta zergatik datorren Mario Fernandezen dimisioa? Zer nolako kontrola eraman du eta darama PNV alderdiak Mario Fernandez-ek hartutako erabakietan?".

PSE-EEko Eusko Legebiltzarreko bozeramaile Jose Antonio Pastorrek Kutxabankeko presidente berriari eskatu dio "sentsibilitate sozial nahikoa" izan dezala bere kudeaketan, "eraginkortasun finantzarioa eta konpromiso soziala bateragarriak" direlakoan. Pastorrek Fernandezen ibilbide profesional "bikaina" txalotu du, Kutxa, BBK eta Vitalen integrazioa "gidatuz" eta Kutxabank Europako entitate "kaudimendunenen" artean kokatuz.

Anton Danborenea PPko legebiltzarkidearen iritziz, "argi" dago Fernandezen erabakia Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariarekin eta Andoni Ortuzar EAJko presidentearekin zituen "desadostasunen" ondotik etorri dela. Ildo horretan, EAJri ohartarazi dio Kutxabank ez dela "aurrezki kutxatxo bat", eta bankuarentzat "zehazki" zein etorkizun nahi duen argitzeko eskatu dio.

Markel Olano 2015eko foru hauteskundeetarako EAJko Gipuzkoako zerrendaburuak "errespetuz" hartu du Fernandezen erabakia, eta azpimarratu du "egoera oso onean" utzi duela entitatea.

LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek azpimarratu du Fernandezen dimisioak ez duela  "auzitan jartzen pribatizazioa", eta gaineratu horixe dela sindikatuak nahi duena. Etxaidek uste du "ziur aski arazo taktikoak" egongo direla dimisioaren atzean: "Erritmo, gidoi edo beste arazo batzuk egon daitezke, baina ez da auzitan jartzen pribatizazio prozesuaren egia eta iruzur politiko eta soziala".

UGTk, berriz, uste du dimisioa aurkeztu "beste aukerarik" ez zuela Fernandezek, "EAJren eta Jaurlaritzaren babesik gabe" geratu delakoan. Raul Arza EAEko UGTko idazkari nagusiak "harriduraz" izan du albistearen berri, eta espero du hurrengo presidenteak euskal gizartean "errotutako" eredu bat garatzea. Halaber, dimisioak Kutxabanken eraginik ez izatea nahi du Arzak, "pena" litzatekeelako "barne krisi bat" gertatzea entitatean.

Unai Sordo CCOOko EAEko idazkari nagusia ere "ezustean" harrapatu du berriak, eta espero du presidente aldaketak bankuaren "pribatizazio masiboa" eten ahal izatea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna