Europako Batasuna

Ez da onartu Junckerren aurkako zentsura mozioa

Europako 461 parlamentarik proposamenaren kontra bozkatu dute, 101ek alde, eta 88 abstentzio izan dira

Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidentea.
Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidentea. Patrick Seeger / EFE

Ivan Santamaria -

2014ko azaroak 27

Iragarrita zegoen bezala, ez da onartu Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidente berriaren aurkako zentsura mozioa. Alderdiek joan den astelehenean eztabaidatu zuten proposamenari buruz, baina bozketa gaur eguerdian egin dute. Sostengu zabala lortu du EBko presidenteak. Proposamenaren aurkako 461 boto egon dira, eta 101 alde. 88 parlamentari abstenitu dira.

EFDD taldeak aurkeztu zuen zentsura mozioa. Talde horretako kide dira Erresuma Batuko UKIP eta Italiako Movimento 5 stelle alderdiak. Taldeetan ez dauden hainbat alderdik babesa azaldu zioten, horien artean Frantziako Fronte Nazionalak. Bozketaren aurretik GUE/NGL ezkerreko taldeko legebiltzarkide ugarik afixak erakutsi dituzte, austeritatearen eta "eskuin muturreko hipokresiaren" kontrako leloekin. UKIPeko legebiltzarkide batek afixak erretiratzea exijitu dio Martin Schulz ganberako presidenteari, araudiak debekatzen duela argudiatuta. Schulzek ez du onartu, eta gogoratu dio UKIPeko ordezkariek aulkian paratuta duten Erresuma Batuko bandera ere ez dagoela araudian onartuta, baina jartzea uzten zaiela.

Luxleaks eskandaluari jarraituz Junckerren lehenedakaritzari buruzko kritikak eta zalantzak biderkatu dira. Haatik, zentsura mozioaren tramiteak agerian utzi du Junckerrek Europako Parlamentuko alderdi nagusien babesa eta konfiantza baduela oraindik. Popularrek, sozialdemokratek eta liberalek EBko presidentearen alde egin dute. Berdeek eta ezkerreko taldeak kritikatu dute Luxenburgon gertatu dena. Ezkerreko taldea auziari buruzko ikerketa batzorde bat sortzea eskatuko du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Ivan Santamaria

Informazio osagarria