Eskozia

Erreferendumaren ordaina

Eskoziari itzuli beharreko eskumenei buruzko proposamena igorri dio Smith Batzordeak Londresko gobernuari. SNPren ustez, neurriak ez datoz bat Cameronek erreferendumean agindu zuenarekin.

Proposamenaren arabera, Holyroodeko (Edinburgo) parlamentuak kudeatuko lituzke eskumen berriak.
Proposamenaren arabera, Holyroodeko (Edinburgo) parlamentuak kudeatuko lituzke eskumen berriak. ANDREW MILLIGAN / EFE

Samara Velte -

2014ko azaroak 27

Eskoziak errentaren gaineko zerga zehazteko eskumena izango du aurrerantzean, eta baita hauteskunde legearena ere. Hala proposatu du Smith izenez ezaguna den batzordeak, joan den irailaren 18ko errefendumaren ostean eskumenak eskualdatzeko sortutako horrek. Edinburgoko Eskoziako Museo Nazionalean eman du horren berri Smith of Kelvin batzordeko buruak, eta "aurrekaririk gabeko lorpena" dela esan du.

Batzordeak atzo sinatu zuen Eskoziari hainbat eskumen zehatz emateko akordioa. Smithen ustez, horrek adostasunetara iristeko aukera erakusten du: "ezberdintasunen gainetik, gure liderrrak batu, elkarlanean aritu eta akordioak lortu ditzaketela erakusten du". Gaineratu duenez, Holyroodeko parlamentuari eskumen gehiago emateak "botere, autonomia eta ardura handiagoa emango dio" Eskoziari. Hain zuzen ere, parlamentua sortu zenetik (1999an) egindako "botere transferentzia handiena" izango dela esan du Smithek.

Edinburgoko Parlamentua osatzen duten bost alderdien arteko elkarrizketen ondorio da akordioa: SNP, laboristak, kontserbadoreak, liberal-demokratak eta berdeak. Gainera, hainbat erakundeen 400 gomendio eta Eskoziako herritarren 17.000 proposamen jaso ditu Smithek. Batzordea David Cameronek eratu zuen, pasa den irailaren 18an eskoziarrek independentziarako aukera baztertu eta gero, botoen %55arekin. Erreferenduma baino egun batzuk lehenago, eskumen berrien transferentzia agindu zuten Erresuma Batuko hiru alderdi nagusiek, eskoziarrek ezetz bozkatzeko baldintzarekin.

Errentaren gaineko zerga zehaztu eta hauteskunde legea kudeatzeaz gain, aireportuen kontrola eta hainbat subsidioen eskumena ere izango du Eskoziako Gobernuak aurrerantzean. Proposamenak 2015ko urtarrilaren 25ean aurkeztuko den lege zirriborroan barnebilduko dira. Gero, Erresuma Batuko Parlamentuak onartu beharko du lege berria.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna