euskara

Ikastolen geroa aipatu du UPNk euskararen legearen aldaketari ezetz errateko

Ezkerrak, PSNk eta Gero Baik aurkeztutako proposamena aintzat hartu du parlamentuak. Euskara "inposatzea" egotzi diete UPNk eta PPNk.

Ezkerrako Txema Mauleon eta Marisa de Simon, Geroa Baiko Manu Aierdi eta PSNko Pablo Rascon, proposamena erregistratu ondoren. /
Ezkerrako Txema Mauleon eta Marisa de Simon, Geroa Baiko Manu Aierdi eta PSNko Pablo Rascon, proposamena erregistratu ondoren. / IŅIGO URIZ / ARP

Edurne Elizondo -

2014ko azaroak 27

PSNk, Geroa Baik eta Ezkerrak aurkeztu zuten euskararen legea aldatzeko proposamena, eremu ez-euskaldunean D eredua ezarri ahal izateko. Nafarroako Parlamentuak babestu egin du, osoko bilkuran. Bilduk eta Aralar-NaBaik proposamenaren alde egin dute; UPN eta PP aurka agertu dira. Ez da behin betiko onarpena; orain, batzordera igorriko dute proposamena, eta gero berriro itzuliko da plenora, behin betiko onartzeko.

Txema Mauleon Ezkerrako parlamentariak nabarmendu du "gehiengoaren" eskaria dela Nafarroa osoan euskaraz ikasi ahal izatea. Haren arabera, proposamenarekin "berdintasun eta askatasun printzipioak eta eskubideen bermea" sustatzen dira. Euskararen legea aldatzea "historikoa" izan daitekeela uste du; hala ere, "berandu" helduko direla iritzi dio.

PSNko Pedro Rasconentzat legediaren interpretazio "korapilotsu" batengatik ikas dezakete batzuek euskaraz eta beste batzuek ez. Manu Aierdi Geroa Baiko ordezkariaren arabera, "aurrerapauso bat da eremu ez-euskalduneko euskararen normalizazio prozesuan".

Bilduk, proposamena babestu arren, uste du aldaketa ez dela "nahikoa", oraindik "bide luze bat" geratzen delako: "Euskarak ofiziala izan behar du Nafarroa osoan", esan du Bakartxo Ruizek. Ildo beretik mintzatu da Nekane Perez Aralar-Nabaiko ordezkaria. "Ez da nahikoa". Perezen iritziz, UPNk euskararekin egin duena "izugarrikerien museoa" da.

Euskararen legearen 26. artikulua aldatzeko proposamena erregistratu zuten alderdiek. Euskarazko irakaskuntza eremu ez-euskaldunean nolakoa den arautzen du artikuluak, eta indarrean dagoen legeak hala dio: "Botere publikoek euskararen irakaskuntza lagunduko dute, eta, behar denean, osoki edo zati batean finantzatuko dute, sustapen eta promozio irizpideei jarraikiz eta eskariaren arabera". Legeak ez du debekatzen hezkuntza sare publikoan euskara ikastea. Nafarroako euskararen legeak 28 urte beteko ditu abenduan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna