hedabideak

Lehen hazia jarri du 'Alea'-k

Arabako euskarazko astekariaren zero zenbakia aurkeztu dute. Urtarrilean izango da kalean. Bideoa: aurkezpena (Lara Madinabeitia, BerriaTB): [berriatb]http://www.berria.eus/berriatb/2246/[/berriatb]

Edurne Begiristain.
2014ko abenduaren 1a
09:41
Entzun

Alea-k jarri du jada lehen hazia Araban euskarazko tokiko hedabideen hutsunea betetzeko. Denen eskura dago astero eskualdeko eta lurralde osoko informazio zabala jasoko duen astekariaren zero zenbakia. Larunbatean egin zuten aurkezpen ekitaldia, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean. BERRIA, Goiena eta Geu elkartearen ekimenez mamitu da proiektua, eta, hari ongietorria emateko, lepo bete zuten aretoa dozenaka lagunek.

Ez zen gutxiagorako. Lan eskerga egin baita Arabako euskarazko aldizkari berria sortzeko. 2012. urtean lehen urratsak egin zituenetik, Araba osoko norbanako eta eragileak Alea «ehunduz» joan dira. Horientzat denentzat esker oneko hitzak izan ziren aurkezpen ekitaldian. «Guztion aletxoekin eraikitako proiektua da Alea, eta horrek egiten du aberats, plural eta koloretsu», esan zuen Ane Pedruzo komunikazio kanpainako arduradunak.

Proiektu «irekia» eta «parte hartzailea» izaki, neurrirako aurkezpena egin zuten. Arratsalde hasieran, haurrentzako tailerrak, Oihan Vegak prestatutako bakarrizketak eta Irati Anda eta Ander Solozabalen bertsoek harrera egin zioten Alea-ri. Ondoren, proiektua sustatu duten eragileen ordezkariek hartu zuten hitza. Iban Arantzabal Goiena-ko zuzendariak «haur txiki baten» antza hartu zion Alea-ri, «hazteko asko duena» eta «aita-ama asko behar dituena». BERRIA Taldeko kontseilari ordezkari Iban Arregik azpimarratu zuen Geu Gasteiz desagertu zenetik zegoen «hutsunea» beteko duela Alea-k, eta «aberasgarritzat» jo zuen astekaria sortzeko egindako ibilbidea. GEU elkarteko Iñaki Martinez de Luna lehendakariak, berriz, hitz jokoak erabili zituen Alea definitzeko. Haren ustez, Alea akronimo bat balitz, «Arabako lurraldeak euskaraz aurrera» litzateke haren atzeko esanahia.

Euskarazko aldizkariari itxura ematen lagundu dutenei aipamen berezia egin zieten ekitaldian. Besteak beste, eskerrak eman zizkieten Iker Etxanizi —hark margotu ditu logoa eta esku orria—, argazki lehiaketan eta sustapen bideoetan parte hartu duten lagunei, eta Jon Basaguren eta Libe musikariei —haiek egin dute astekariaren kanta—. Haien musikak girotu zuen ekitaldia.

Urtarrilaren 19tik aurrera izango da kioskoan, astero, Alea aldizkaria. Ostiralero argitaratuko da. Aurretik, baina, aldizkaria ezagutzera emateko kanpaina bat abiatuko dute: 65.000 ale banatuko dituzte Araba osoan hurrengo asteazkenean, Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat eginez. Goizetik gauera, herrialde osoko hamaika txokotara iristeko asmoz, Alea-ren banaketa lanetan laguntzeko eskatu zieten herritarrei. Iluntzean, parte hartu duten guztiek topa egingo dute Alde Zaharrean. «Arabako Alea eta euskaraz urteko 365 egunetan bizi nahi dugun aldarria lau haizeetara zabaldu dugula ospatuko dugu». Bitartean, Alea-k aurrera egiteko, «aleak jartzen» jarraitzeko deia egin zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.