kolonbiako bake prozesua

Kolonbiak Habanara bidaliko ditu bere negoziatzaileak gaur FARCekin biltzeko

Gerrillak libre utzi ditu Alzate jenerala eta haren bi laguntzaileak. Bake elkarrizketei berriro ekiteko prest da Santos, eta azken gertakarietaz hitz egingo dute bi egunez.

Juan Manuel Santos Kolonbiako presidentea, artxiboko irudi batean. /
Juan Manuel Santos Kolonbiako presidentea, artxiboko irudi batean. / Leonardo Mu˝oz/EFE

Berria -

2014ko abenduak 1

Humberto de la Calle Kolonbiako Gobernuaren negoziatzaileak iragarri du Habanan bi egunez bilduko direla FARCekin azken gertakarien ondoren balorazioa egiteko. Berriro harremanetan jartzeko bilera bat izango da, beraz, eta ez bake negoziazioetako elkarrizketa.

Bake negoziazioak azaroaren 17an utzi zituen bertan behera Juan Manuel Santosek, Alzate jeneralaren bahiketagatik, eta FARCek aurreko astean ohartarazi zion ezin direla horrelako erabakiak alde bakarretik hartu. Hala ere, jenerala aske utzita berriro helduko diete. Azaroaren 18an biktimez hitz egitekoak ziren.

Iragarria zuen bezala, FARCek aske utzi ditu Ruben Dario Alzate Kolonbiako armadako jenerala, Jorge Rodriguez buruzagia eta Gloria Urrego armadaren operazio berezietarako abokatua. Gurutze Gorriko, Norvegiako eta Kubako ordezkariak operazioan bitartekari izan dira. Hilaren 16tik zeuden gatibuak gerrillaren esku.

Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak Twitterren egin du iragarpena lehenik, eta FARCek baieztatu du gero:

Bake elkarrizketetarako FARC-EPren ordezkaritzak beharrezkotzat jo du "jokoaren arauak berriz diseinatzea"; adierazi duenez, uneotan bake prozesua ezin da "presazko eta pentsatu gabeko jarreren menpe egon" eta ezin du eragina izan Habanako elkarrizketen jarraipenean.

Aldebiko su-eten bat adostearen alde ere agertu da Luciano Marin Arango Ivan Marquez negoziatzaile burua: "Menia behar dugu Habanako elkarrizketak giro hobean egiteko. Herrialdearen eta estatuaren babesa behar dugu". Santosek ziurtatu du negoziatzaileekin bilduko dela Habanako elkarrizketetara itzultzeko baldintzak eztabaidatzeko, eta bake negoziazioei berriro ekiteko prest azaldu da, Alzate libre geratu ondoren. "Argi dago erabaki horrek elkarrizketetarako giro aproposa berreskuratzen laguntzen duela", esan du.

Elkarrizketak, etenda

Aste honetan bertan, FARCek beste bi soldadu utzi ditu aske, eta hori izan da lehen pausoa Alzate eta haren kideak libre uzteko. FARCek Alzate eta haren bi laguntzaileak bahitu zituenean, Kolonbiako Gobernuak bertan behera utzi zituen gerrillarekiko bake elkarrizketak. Atxikiak izan dituzten denboran, Santos presidenteak esan du haiek libre utzi ondoren berriro ekingo dietela negoziazioei.

Hilabete honetan bete dira bi urte FARCeko eta gobernuko ordezkariak Habanan elkartzen hasi zirenetik. FARCek bere aldetik emandako su-eten mugatuez gain, meniarik gabe aritu dira negoziatzen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna