Hauteskundeak Uruguain

Vazquez, inoiz baino babes zabalagoarekin

Uruguaiko presidente izango da berriz Vazquez, bozen %53,5 jasota. Ekonomia bide onetik doa, baina hezkuntza sistema hobetzea izango du erronka nagusia.

Tabare Vazquez Frente Amplio mugimenduko hautagaia, zaleen aurren emaitzak ospatzen.
Tabare Vazquez Frente Amplio mugimenduko hautagaia, zaleen aurren emaitzak ospatzen. IvŠn Franco / EFE

Adrian Garcia -

2014ko abenduak 1

Hauteskundeen bigarren itzulia egin zuten atzo Uruguain. Fronte Zabala ezkerreko mugimenduko Tabare Vazquez eta Alderdi Nazionaleko Luis Lacalle lehiatu ziren. Hauteskunde batzordeak emandako datu ofizialen arabera, Vazquez izan da nagusi, botoen %55,04rekin. %42,16ekin  geratu da Lacalle, hamahiru puntu beherago. Hala, Fronte Zabalak agintea berrituko du hirugarren aldiz jarraian, eta Vazquezek hartuko du orain arte Jose Mujica kideak izandako lekua. Aurretik ere Uruguaiko presidente izandakoa da Vazquez; 2005etik 2010era bete zuen kargua. Hain zuzen ere, haren eskutik hartu zuen Mujicak aginte makila.

Lehenengo emaitzak jakinda, zaleei mintzatu zitzaien Vazquez, laguntza eskatzeko: "Zuekin gobernatu nahi dugu; ez dugu nahi guri jarraitzea, gu gidatzea baizik. Ez gaitzazue bakarrik utz". "Uruguaitarrak geroz eta hobeto" bizi daitezen konpromisoa ere hartu zuen presidente izango denak, eta bide horretan "ahaleginik handiena" egingo duela ziurtatu zuen. Alde horretatik, hauteskunde programa "azken komaraino" beteko dutela agindu du Vazquezek. Raul Sendic presidenteorde izango denak Fronte Zabala mugimenduak gobernuan izango dituen betebehar nagusiak aurreratu zituen. Haren esanetan, hezkuntza eta azpiegiturak "ikaragarrizko erronkak" izango dira.

Mujikak Vazquezi itzuliko dio agintea, eta, esan duenez, Fronte Zabala koalizio barruko akordioak artikulatzen hasiko da; hamabi alderdik bat egiten dute mugimenduan, besteak beste, sozialistek, komunistek, marxista-leninistek, tupamaro gerrillari ohiak eta independenteek.

Lacallek, bestalde, Vazquezen garaipen "zilegia" onartu du, eta, esan duenez, presidente berria izango denari deitu dio, "arrakasta" opatzeko. Senatuan eserlekua izango du Lacallek, eta oposizioa zuzentzeko ardura izango du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna