KATALUNIAKO PROZESU SUBIRANISTA

Kataluniako prozesuaren aurkako Polizia bereziaren egitura, argitara

'Ara' eta 'Eldiario.es'-en arabera, Espainiako Barne Ministerioak 2012tik dauka martxan independentistak zelatatzeko eta haien inguruko ustelkeria eskandaluak haizatzeko unitate berezia.

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroa eta Rafael Catala Justiziakoa, Kongresuan.
Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroa eta Rafael Catala Justiziakoa, Kongresuan. JAVIER LIZON / EFE

Samara Velte -

2014ko abenduak 2

Kataluniako Ara egunkariak eta Espainiako Eldiario.es atariak eman dute unitate berezi horren berri. Gaur argitaratu duenez, unitate berezi horren helburua politikari kataluniarren datu fiskalak ikertzea da, horien artean irregulartasunak aurkitu eta ustelkeriarekin lotutako eskandaluak haizatzeko helburuarekin. Asmoa independentismoa ustelkeriarekin lotu eta azken urteetako gorakada etetea da.

Politikari kataluniarrei eta horien ingurukoei jarraitzen dietela diote bi hedabide horiek. Salaketa larria da, unitate hori ez dagoelako Espainiako Poliziaren organigramaren barruan eta horrek babesgabe uzten dituelako herritarrak. Are gehiago, Espainiako Gobernuak ezkutatu eta ukatu egin du unitate hori existitzen dela. Unitate hori osatzen duten poliziak beste unitate batzuetan integratu dituzte oharkabean pasatzeko, argitaratutakoaren arabera.

Bi hedabideek euren webguneetan argitaratu dute unitate horretan postu bat lortzeko barne deialdia, non azpimarratzen den Espainian koofizialak diren hizkuntzak jakitea "baloratu" egingo dutela lanpostua emateko. Aurtengo azaroaren 11ko data du deialdiak, eta barne aferak ikertzeko unitateak deitzen du. Espainiako Poliziaren zuzendari nagusiak sinatzen du deialdia.

Pedro Agueda kazetariaren arabera —horrek sinatzen ditu artikuluak batean zein bestean—, 200 inguru dira unitate sekretu hori elikatzen duten unitateetan aritzen diren poliziak. Horren berri oso gutxik dutela argitaratu du, baina taldearen buru Eugenio Pino egongo litzatekeela dio, eta PPren inguruan kokatu du.

Aguedaren arabera, unitate sekretuak bere lana egin eta hori egin beharko zukeen unitateari ematen dio emaitza, horrekin jartzeko lanean. Horrela lortzen dute arrastorik ez uztea. Hala ere, Oleguer Pujolen kasuan azaleratu zela dio. Poliziak Fiskaltzari eman zion txostena Barne Auzien Unitateak sinatu zuen, eta horrek harridura sortu zen. Poliziak orduan unitate sekretua ezkutatu zuen esanez kasualitatez topatu zutela Pujoli buruzko informazioa.

Kataluniako Gobernuko bozeramaile Francesc Homsek Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroaren dimisioa eskatu du. "Hala bada, oso larria da. Poliziak ezin du aritu alderdien interesetan. Delituak jarraitu behar ditu, ez jatorri politikoa duen zerbait", esan du Catalunya Radion.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna