Euskararen Nazioarteko Eguna

Euskara erabiltzera deitu du Urkulluk, hizkuntza "bizia" izan dadin

1.292 dira .eus domeinua berenganatu duten erabiltzaileak, Puntueus fundazioak jakinarazi duenez. Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, dozenaka ekitaldi eta ekimen egin dituzte hainbat herri eta hiritan, ospakizunak eta aldarrikapenak uztartuz.

Mintzodromoa Donostian

Garikoitz Goikoetxea -

2014ko abenduak 3

Horietako bat izan da Eusko Jaurlaritzak eginikoa, eta bertan hartu dute parte, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakariak, Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak eta  Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak.

Urkulluk euskara erabiltzera deitu ditu herritarrak, iritzita horixe dela "ekarpenik onena" hizkuntza "bizia" eta "bizikidetzari" lotua izan dadin.

Ekitaldia egin dute .eus domeinuaren bultzatzaileek ere, eta han jakinarazi dute 1.292 direla dagoeneko erabiltzaileak —1.200 berri batu zaizkie hasierako 92 aitzindariei—. Datuak aurkeztu eta ordubetera, kopuru hori "aparra bezala" igo da, Josu Waliño .eus fundazioko zuzendariak Twitterren jakinarazi duenez:

Gaur, gainera, publiko egingo dute domeinua, edonork erabiltzeko moduan. Waliñok adierazi duenez, "euskara eta euskal kulturaren domeinua da" .eus. Domeinu "zabala, interenet bezain zabala" dela gaineratu du, "mugarik ez duena". Izan ere, muga geografikoen menpe ez dagoen tresna dela esan du Walinok; adibide modura, gaur egun .eus erabiltzen duten %5a Euskal Herritik kanpokoa dela esan du. Era berean, euskal domeinuak euskal komunitatea "interneten kokatu eta bereizten" duela adierazi du Walinok.

Maddalen Iriarte kazetariak aurkeztu du EITBko Bilboko egoitzan egindako ekitaldia. Bertan izan da, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria. Gaur, Euskararen Nazioarteko Eguna .eus domeinuari esker "are nazioartekoagoa" dela esan du lehendakariak. "Egun handia" dela esan du, eta "ametsa errealitate bihurtzeko" lanean egondako 60 gizarte erakundeen lana goraipatu du. Eusko Jaurlaritzak egitasmoa "erabat babesten" duela gaineratu du Urkulluk, eta gobernuaren menpe dauden 200 domeinuak .eus markapean jarriko dituztela jakinarazi du. Jaurlaritzaren webgunea, hain zuzen ere, Euskadi.net izatetik Euskadi.eus-era igaro da gaur. Urkulluk, gainera, .eus domeinuari atxikimendua emateko deia egin du.

Ekitaldian, besteak beste, Sustrai Colinaren bertsoak izan dira, eta baita nazioarteko hizkuntza gutxituetako hiztun askoren elkartasun mezuekin osatutako bideoa. Bukaeran, argazkia egin dute Iñigo Urkulluk, Josu Walinok, Sustrai Colinak eta Iratxe Esnaola .eus egitasmoaren koordinatzaileak.

Ekimen ugari

Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, bestalde, era guztietako ekimenak izaten ari dira Euskal Herri osoan zehar, erakunde eta euskara talde hainbatek antolatuta.

Donostiko Udalak hainbat ekimen antolatu ditu euskararen egunaren inguruan. Euskara, etenik ez duen haria leloa osatuz talde argazkia egin dute San Telmo museoan. Gainera, bostgarren urtez jarraian mintzodromoa egin dute ere Gipuzkoako hiriburuan. Urteurrena baliatuz, mitzodromo "berezia" izan da gainera, belaunaldi artekoa: aiton-amonak eta gazteka izan dira elkarren artean solasean. Donostiako Udalak, aste osoko egitarauaren baitan barnebildu ditu gaurko ekitaldiak.

Bilboko Udalak ere ekitaldia antolatu du Euskararen Nazioarteko Egunaren harira. Bertan, Itoiz taldea eta Bilboko Kafe Antzokia saritu ditu udalak, euskara laguntzen zabaltzeagatik. Atzo, euskararen normalizazioaren bidean urratsak emateko konpromisoa hartu zuen Bilboko Udalak, alderdi guztien artean hitzarmena sinatuz.

Topaguneak dei egin du Euskararen Eguna kalean ospatzera. Nabarmendu dute "ospatzeko eta aldarrikatzeko" eguna dela: "Euskaldunok bagarela eta euskaraz bizitzeko hautua egin dugula ospatzeko eta urte osoan egiten den lana aldarrikatzeko".

Topagunearen Euskarak 365 egun leloarekin lotuta, 1.000 karteletik gora eta 6.000 pegatina banatu dira eta programazio kultural anitza antolatu dute Gasteizen egunotan. Gaur Alea Arabako astekari berriak 65.000 ale banatuko ditu egunean zehar. Goizean goiz hasi dira aldizkariak banatzen; 7:30etan Eusko Jaurlaritzaren ate nagusian eta Santiagoko zein Txagorritxuko ospitalean banatu dituzte, eta 9:00etatik aurrera Euskal Herriko Unibertsitatearen Gasteizko Campusean. Goiz osoan zehar, gainera, Eusko Legebiltzarrean banatuko dituzte hedabide berriaren aleak. Atzo ere, hainbat aldizkari banatu zituzten Alaves eta Espanyolaren aldeko partidan, Mendizorrozan.

Irunen, Mintzodromoa antolatu du Sareuska proiektuak, eta Nafarroako, Lapurdiko eta Gipuzkoako 120 euskaldun eta euskara ikasle elkartu ditu. Txanaleta plazan atondu dute aretoa, eta Estitxu Fernandezek gidatuta, solasean ari dira bertara joandakoek. Hego Lapurdi, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta Bidasoa Txingudi Mugaz Gaindiko Patzuergo sortutako proiektua da Sareuska. Euskararen erabilpena sustatu eta bailaren arteko elkar ezagutza bultzatu nahi du egitasmoak, mugaz gaindi.

Donostiako EHUko Campusean, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gaztezulo aldizkariak euskara sustatzeko martxan jarritako Ika Mizka ekimenak ere ekitaldia antolatu du, ikasleen artean solasteko. Hainbat gonbidatu egon dira bertan, besteak beste, Jon Maia bertsolaria edo Galder Izagirre Berri Txarrak taldeko musikara.

Askapenak eta EHE Euskal Herrian Euskarazek bideoa egin dute elkarlanean, gaurko egunaren harira. Maputxe Herritik, Aragoitik, Korsikatik, Irlandatik eta Japoniatik bidalitako mezuekin osatu dute bideoa, eta horren helburu gisa jarri dute "munduko herrien arteko elkartasuna jorratu eta ikustaraziz, herri mugimendutik euskaldun eta euskaltzaleei mezua zabaltzea aurrerantzean ere euskararen alde lan egiten jarrai dezaten".

EHU Euskal Herriko Unibertsitateak ere hainbat ekitaldi prestatu ditu. Horien artean, Gure Sor Lekua euskarazko lehen filma eskainiko du 19:30ean, Bizkaia Aretoko Mitxelena aretoan. Gainera, egunean zehar hainbat lekutan ikusgai izango da hainbat ikaslek eginiko Euskomorfosia bideo musikala.

Bestalde, Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen bitartez, arnasguneei buruzko tailerrak egin dituzte Azpeitiko Urola Ikastolan. Uemak eta Urola ikastolak ala adostuta, DBHko laugarren mailako ehun ikasle inguruk parte hartu dute tailerretan.

Ospakizun eta aldarri

Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazpen instituzional bat plazaratu du. Azpimarratu du "normalizazio politikoaren garaia" dela: "Kontakizunek eta memoria historikoak garrantzia duten garai berri hauetan, geure bizipenen berri eman behar dugu euskal hiztunok, euskaldunon autoestimua indartzeko, bizitza duina izateko".

EAJk egunaren harira plazaratutako oharrean, nabarmendu du abenduaren 3a "guztiz une egokia" dela euskararekiko "konpromisoa berretsi eta lau haizetara zabaltzeko". Horretarako, EAJren esanetan, "euskara gero eta gehiago, gero eta gauza gehiagotarako, gero eta toki gehiagotan" erabiltzea da "konpromisorik funtsezkoena". Hizkuntza erabiltzearen garrantzia nabarmendu du: "Euskara erabili. Berriz ere erabili. Eta behin eta berriro erabili. Horixe da gure hizkuntzari benetako arnasa emateko modurik seguru eta eraginkorrena".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna