KATALUNIA INDEPENDENTZIARAKO BIDEAN

"Aniztasunean, batasuna"

Kataluniako hauteskunde plebiszitarioetarako ahalik eta proposamen subiranista zabalena eskatu du Junquerasek, independentzia nahi duten guztiek bat egiteko modua izan dezaten.

Bi mila lagun baino gehiago bildu ziren atzo Bartzelonako Kongresuen Jauregian, tartean zen Mas presidentea.
Bi mila lagun baino gehiago bildu ziren atzo Bartzelonako Kongresuen Jauregian, tartean zen Mas presidentea. TONI GARRIGA / EFE

Samara Velte - Berriemaile berezia -

2014ko abenduak 3

2.000 lagunetik gora izan dira Junquerasen aurkezpenean, gizarte zibileko ordezkariak nahiz eragile politiko, ekonomiko eta kulturaletakoak. Lehen lerroan elkartu dira, besteak beste, Artur Mas Kataluniako Gobernuko presidentea, Carme Forcadell ANC Kataluniako Biltzar Nazionaleko presidentea, Muriel Casals Omnium Culturaleko presidentea, Maurici Lucena PSCko Kataluniako Parlamentuko bozeramailea eta Joan Rigol Erabakitzeko Eskubidearen Aldeko Itun Nazionaleko koordinatzailea. Ordu eta laurden inguruko aurkezpena egin du ERCko buruak.

Hauteskunde osteko faseaz eta prozesu konstituziogileaz hitz egin du Junquerasek. Batasun gobernu bat beharrezkotzat jo du, estatu egiturak sor ditzan eta aldi berean prozesu konstituziogile bat zuzen dezan: "Ezinezkoa da estatu egiturak Espainiako araudiaren barruan eraikitzea". Horren harira, azaldu du estatuaren eraikuntzak babes handiagoa izango duela estatuaren aldarrikapenak baino: "Ados egon ez arren, inork ez du geratu nahi kanpoan".

Nola aurkeztu, ordea, bozetara? Mataza hori da askatzeke geratzen dena orain. Zerrenda bakarraren alde egin zuen Artur Mas Kataluniako Gobernuko presidenteak iragan astean, independentziaren aldeko gehiengo argi bat isla dadin bozetan.

Nork bere zerrendak aurkezteko asmoari eutsi dio Junquerasek, argudiatuta independentista orok izan behar duela bozetan "eroso sentiaraziko duen erreferente politiko, kultural, sozial eta ekonomikoa". Nolanahi ere, azaldu du independentziaren aldeko zerrenda ezberdinek hainbat elementu izan ditzaketela komunean; horien artean aipatu ditu izenen parte bat eta programako puntu bat —independentzia—. Horrez gain, hauteskunde kanpainan zehar ekitaldiren bat elkarrekin egin lezaketela uste du Junquerasek. Zerrendetan independente ugari aurkeztea ere eskaini du, zerrenden arteko artekari lana egin dezaten.

Junquerasek desadostasuna azaldu du Masek hemezortzi hilabeteko trantsizio epearen amaieran proposatutako erreferendumarekin. Hark esan zuen independentzia berretsi beharko litzatekeela hauteskunde plebiszitarioak egin eta hemezortzi hilabetera, baina Junquerasek erantzun dio "inon" ez dela bi erreferendumik egin behar izan independentzia berresteko, eta, izatekotan, hemezortzi hilabeteren buruan egin beharreko erreferenduma Kataluniako Konstituzioa berresteari buruzkoa izango litzatekeela.

ANCk larunbatean argitu zuen bere jarrera: Masen proposamenari egoki deritzo, eta hautagaitza "transbertsal bat" nahi du bozetarako—otsailean izan daitezen nahi du—.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna