Bizkaiko kostaldera heldu da 'fracking'-a

Bizkaiko kostaldean, Gernika ingurutik Gorlizeraino, gasa baden ikertzen hasiko dira. 29 herri daude barruan. 'Fracking'-a debekatzeko lege proposamena eztabaidatuko du bihar Eusko Legebiltzarrak.

'Fracking'-aren mapa Euskal Herrian. /
'Fracking'-aren mapa Euskal Herrian. / Joxean Apeztegia

Garikoitz Goikoetxea -

2014ko abenduak 3

Bizkaiko kostaldera iritsi dira lurpetik gasa ateratzeko proiektuak. Geminis proiektua ari da pausoak ematen. 29 herritako lurrak hartzen ditu, 48 hektarea, lauki baten eran: Gernika eta Mundaka aldetik mendebaldera, Leioa eta Gorlizeraino. Espainiako Gobernuak udalei jakinarazi die lanak hasteko prozedura martxan jarri dutela, eta alegazioak jartzeko epea zehaztu die. Natur balio handiko eremuak daude Geminis proiektuaren eremuan —Urdaibai, adibidez—, baina enpresa sustatzaileak dio «eragin minimoa» izango dutela probek ingurumenean.

Sopelako Udalak eman du abisua; herritarrei azaldu die jakinarazpen bat jaso duela Madrildik, Ingurumen Ministeriotik, eta dei egin du protestara: abenduaren 20an, kalejira bat egingo dute. Iaztik, «fracking-ik gabeko herria» da Sopela. Lurpetik gasa ateratzeko teknika bat da fracking-a; harri geruzak zartatu egiten dituzte, uraren eta konposatu kimikoen bidez, eta harkaitz artean dagoen gasa atera egiten dute horrela. Ingurumenarentzat arriskutsua delakoan, debekatua dute herrialde batzuetan; Frantzian, esaterako. Espainiako Gobernua aldekoa da.

Euskal Herrian, batez ere Araban eragin du zeresana fracking-ak, han egin baitituzte azterketa gehienak. Talde ekologisten arabera, Arabako lurren %88 hartzen dituzte gasa bilatzeko proiektuek. Bizkaian, lurren %73. Azterketak eginak dituzte Bizkaian lehen ere, Arratia inguruan, Saia proiektuarekin —Araba eta Bizkaia hartzen ditu plan horrek—. Geminis egitasmoak, ordea, baditu berezitasun batzuk: nagusia, kostaldea hartuko duela aldez alde. Lurpea ez ezik, itsasoa ere arakatuko dute.

Azterketak, kamioien bidez

Frontera Energy Corporation enpresak du Geminis egitasmoaren ardura 2011tik. Geldirik eduki du prozesua orain arte. Lehen pauso gisa, orain, lurpea aztertu nahi du bibrazio sistema baten bidez. Finean, hau da sistema: kamioi batzuk ekarriko lituzkete, bibrazioa sortzeko, eta, horiek neurtuta, jakingo dute lurpea nolakoa den. «Lurralde osoan ehunka metroko kableak joango dira. Kamioiek detonazio txiki batzuk egingo dituzte burdinazko xafla batzuekin, eta uhinen errebotearekin mapa bat osatuko dute». David Cobos Bizkaiko Fracking Ez taldeko kideak eman du azalpena. Zundaketen aurreko pausoa dela esan du.

Ingurumenean ez du aparteko eraginik izango lehen urrats horrek, Cobosen iritzian. «Leherketa txikiak dira. Arazo handiagoa da kamioien mugimendua. Askotan, baimen barik sartzen dira lur partikularretara». Kontuan hartu behar da, hala ere, inguru berezia dela arakatu nahi dutena. Babestutako sei gune ditu barruan Geminis proiektuak: Astondoko dunak, Gaztelugatxe, Urdaibaiko ur bideak, Urdaibaiko marismak eta itsasertza, Urdaibaiko artadiak, eta Urdaibaiko itsasadarra. Enpresak hitzeman du ez duela kalterik eragingo horietan: «Espazio horietako bati ere ez diote zuzenean erasango ikerketa sismikoek». Proba eremutik babestutako lekuetara ehun metrotik gorako distantzia utziko lukete.

'Fracking'-aren etorkizuna

Proiektuaren bideragarritasunaz zalantza handiak ditu Cobosek: «Urteetan egin dira ahaleginak, eta honezkero ikusi da zer aukera dagoen. Askotan ibili dira gasaren bila. Energiaren Euskal Erakundeak berak esana da atera beharreko gasa aterata dagoela jadanik». Enpresek ere zalantza handiak dituzte, haren ustez: adibide gisa, esan du zatika ari direla proiektua egiten. «Ez da serioa ingurumen eraginean proba sismikoak soilik aztertzea. Zergatik zatikatu? Pauso txikiak dira, enpresek ere ez dutelako sinesten».

Iraultza baten gisara iritsi zen fracking-a Euskal Herrira. Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakari zela, AEB Ameriketako Estatu Batuetatik adierazi zuen 60 urterako gas hornikuntza bermatuko zuela teknika horrek Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako. «Burbuila handi bat da guztia», ohartarazi du Cobosek. «Asko kiebran daude AEBetan ere, nahiz eta gas asko lortzen ari diren. Ez da sistema errentagarria».

Herrialde batetik bestera, alde handia dago. Europako Batasuna, ez alde, ez aurka; arretaz jokatzeko eskatu du. Frantziak bide bat hartu du: debekatzea. Espainiak, beste bat: bultzatzea. Aurkakoei, gainera, atea ixten ari da Madril. Nafarroan, adibidez, fracking-a debekatzeko legea onartu zuten, baina eten egin du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. Espainiako Gobernuak jo zuen auzitara, eskumena berak duela esanez.

Egoera horretan, fracking-a debekatzeko lege proposamen bat eztabaidatuko du bihar Eusko Legebiltzarrak. Herri ekinbide legegile gisa iritsi da gaia parlamentura, teknika horren aurkako taldeek sinadurak bilduta —103.000 baino gehiago batu dituzte—. Lehen ere aurkeztu zuten antzeko proiektu bat, baina legebiltzarrak ez zuen onartu. Oraingoan, aldiz, oso litekeena eskaria aintzat hartzea, eztabaidatzeko behintzat.

EAJk jarrera aldatu du. Proposamena aztertzearen aurka bozkatu zuen aurreko aldian, baina uste izatekoa da orain alde agertuko dela, Eusko Jaurlaritzak egokitzat jo baitu teknika horri buruz eztabaidatzea. Edonola ere, gobernuak ohartarazi du bide laburra daukala fracking-a debekatzeko eskariak, ikusita beste erkidego batzuek hori egin dutenean Madrilek salaketa jarri eta Konstituzionalak eten egin duela araua.

Cobosek nabarmendu du legea bera baino garrantzitsuagoa dela ildo politikoa: «Adierazpen politikoa izango da batez ere. Jaurlaritzak herri ekinbidea onartzea da garrantzitsuena». EAJ espresuki aipatu gabe, fracking-aren aurkako taldeko kideak ohartarazi du kontraesanak daudela jokabide batzuetan: «Ez du balio erakunde batzuetan fracking-aren aurka agertzea, eta gero Jaurlaritzatik milioiak jartzea horretan».

Euskal Herrian —Hegoaldean; Iparraldean debekatuta baitago— 25 proiektu daude lurpetik gasa ateratzeko; horietako hamaseik badute baimena. Proiektu horietatik kanpo, gainera, beste zundaketa eremu batzuk ere ageri dira Industria Ministerioaren agirietan; Araban daude gehienak, Gasteiz eta Trebiñu inguruan. Eusko Jaurlaritza parte hartzen ari da proiektu horietako batzuetan, SHESA enpresaren bitartez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna