KATALUNIA INDEPENDENTZIARAKO BIDEAN

Jarrerak hurbiltzeko eta bide orria adosteko prest daude CiU eta ERC

Bilera saila "berehala" hasiko du Masek. Ados jartzeko eskatu diete ANCk eta Omniumek.

Oriol Junqueras ERCko presidentea, atzoko aurkezpenean.
Oriol Junqueras ERCko presidentea, atzoko aurkezpenean. Toni Garriga / EFE

Berria -

2014ko abenduak 3

Bilera eskatu dio ERCko presidente Oriol Junquerasek Artur Mas Generalitateko presidenteari, Kataluniako bide orria adosteko. Atzo egin zuen Junquerasek independentzia eskuratzeko estrategia proposamena, eta pasa den azaroaren 25ean egin zuen Masek berea. ERCk jakinarazi duenez, telefonoz eskatu dio Junquerak Masi bilera, eta hurrengo orduetan espero da Kataluniako Gobernuko presidenteak erantzuna eman eta bilkurarako data zehaztea.

Kataluniako hauteskunde plebiszitarioetarako ahalik eta proposamen subiranista zabalena eskatu zuen atzo Junquerasek, independentzia nahi duten guztiek bat egiteko modua izan dezaten. Gainera, independentziaren aldeko alderdiek zerrenda bakarra osatzeko Masek egindako proposamena baztertu zuen Junquerasek, nahiz eta horiek hainbat elementu partekatu ditzaketela defendatu, hala nola, hautagaitza guztien izenaren zati bat edo guztien hauteskunde programako puntu nagusia independentzia aldarrikapena izatea.

Carme Forcadell eta Muriel Casals ANC eta Omium Culturaleko presidenteek, bestalde, Artur Masek eta Oriol Junquerasek independentzia lortzeko egindako proposamenek komuneko puntu asko dituztela uste dute. Horregatik, ERCk eta CiUk bide orri bateratua adostu ahal izango dutela espero dute bi erakundeek. Catalunya Radio irratian egin dituzte adierazpenak. Casalsek bi proposamenak "hain ezberdinak ez" direla nabarmendu du, eta Forcadellek Junquerasen bide orria txalotu du, "independentzia birsortze demokratikoarekin lotu duelako". Gainera, ERC eta CIUren arteko akordioa "konponbide bakarra" dela esan du Forcadellek, hauteskundeetarako zerrenda "ahalik eta transbertsalena" izan dadin. ANCko presidenteak begi onez ikusi du ere zerrenda ezberdinei Ara es l'hora izena jartzeko Junquerasek egindako proposamena.

Merce Conesa CDCko eledunak "alde nabarmena" antzeman du Masek eta Junquerasek eginiko proposamenen artean. Hala ere, adostasunera iristeko aukera ikusi du. Zehaztu du zerrenda bakarraren bidez ere independentismoaren sentsibilitate ezberdinetara heltzeko modua dagoela —helburu hori aipatu zuen Junquerasek— eta hori zerrenda bateratu baina "transbertsal" baten bidez egin daitekeela.

PSCko Kataluniako Parlamentuko bozeramaile Maurici Lucenak, berriz, uste du Junquerasek Masen planteamendutik, "gobernuaren murrizketetatik" eta ustelkeria kasuetatik urrundu nahi izan zuela. Halaber, esan du ERCko buruak gainetik kendu nahi izan zuela "CiUren eta gobernuaren aldetik jasaten ari den presioa zerrenda bateratua onartzeko".

CUPeko parlamentari Quim Arrufatek bat egin du ERCrekin zerrenda ugariren proposamenean, baina zalantzan jarri du bozen ondoren batasun gobernu bat osatzearen beharra. Hala, "mandatu demokratiko bat" lortze aldera formula onena topatzeko lan egitera deitu du.

Ciutadanseko eledun Matias Alonsoren hitzetan, ordea, Junquerasek eta Masek "fartsa independentistaren atal berri bat" zabaldu dute independentziarako bide orriak aurkeztuz. Hauteskundeak aurreratzea beharrezkotzat jo du, gainera.

Josep Maria Vila d'Adabal AMI Independentziaren Aldeko Udalerrien Elkarteko presidenteak, bide beretik, bi proposamenen artean "koinzidentzia eta akordiorako aukera asko" daudela esan du.

Artur Mas Oriol Junquerasek ERCren independentziarako estrategia azaltzeko egindako hitzaldian egon zen atzo, Bartzelonan. Edonola, edukiari buruzko adierazpenik ez zuen egin nahi izan Generalitateko presidenetak; "entzutera" joana zela baino ez zuen esan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna