espainiako kongresua

HBk egin ez zuen hitzaldia

Aljerko elkarrizketen bukaeraren eta Josu Muguruzaren hilketaren ostean, "bakearen" eta "konponbidearen" aldeko mezua ematekoa zen Herri Batasuna Kongresuan, atzo 25 urte, baina mahaiburuak ez zion Angel Alcalderi hitz egiten utzi (hitzaldiko testua).

Angel Alcalde, duela lau urte, Bilbon, Santi Broaurd eta Josu Muguruzaren aldeko omenaldian.
Angel Alcalde, duela lau urte, Bilbon, Santi Broaurd eta Josu Muguruzaren aldeko omenaldian. / Luis Jauregialtzo/Argazki Press

Enekoitz Esnaola -

2014ko abenduak 4

1989ko azaroaren 20an Josu Muguruza HBko diputatu hautatu berria Madrilen tiroz hil ondoren, HBko diputatuek abenduaren 4rako utzi zuten kargu hartzea —azaroaren 21ean ziren hartzekoak—. Abenduaren 4an zen Felipe Gonzalezen (PSOE) presidente inbestidura saioa, eta Muguruzaren ordezkoa zen Herri Batasunetik hitzaldia egitekoa: Angel Alcalde, espetxetik irten berritan. Baina Felix Pons Kongresuko Mahaiko buruak ez zion utzi, Jon Idigoras, Itziar Aizpurua eta hirurak hemiziklotik kanporatu egin zituelako "legeak hala aginduta, zin egiten dut" formula erabili zutela medio —Iñaki Esnaola ezin izan zen saioan egon, bi aste lehenagoko atentatutik osatzen ari zelako—.

Bakearen aldeko mezua eman nahi zuen HBk, prestatua zuen idatzian irakur daitekeenez: "Konponbide politikoa bilatzeko mezu bat aurkeztu nahi dugu", "ETA eta estatuaren arteko elkarrizketa prozesua sustatuko dugu", "bakea nahi dugu". Espainiako Gobernuaren eta ETAren arteko Aljerko elkarrizketa saioa urte hartako apirilean bukatu zen, eta ezker abertzaleak berriro heldu nahi zion, "konponbide politiko negoziatua" zuela xede.

Halaber, Alcalde azaroaren 20ko atentatua "estatu krimena" izan zela berrestekoa zen Kongresuko hitzaldian, eta "borroka politiko justu eta demokratikoa" segituko zutela hitzematekoa.

Alcaldek berak joan den azaroaren 15ean BERRIAko elkarrizketan honela gogoratu zuen 1989ko abenduaren 4ko egun hura:

"Hegazkinez joan ginen Madrilera Jon Idigoras, Itziar Aizpurua eta hirurok. Konstituzioaren zina egitean orduan erabili genuen lehen aldiz 'legeak hala aginduta'. Bi aste lehenago Muguruzak-eta modu hura erabili behar zuten. Iskanbila sortu zen: Kongresuko presidente Felix Ponsek ez zuen onartu formula; HBkook kanporatu egin gintuen, eta saioa eten zuen. Hemizikloa uztean —neu nintzen hiruron artean azkena—, eskaileratan beheraino jaitsi eta gobernukoak egoten diren aulki urdinen parean geratu egin nintzen, Felipe Gonzalez presidentearen eta ministroen aurrean, isilik, baina begiradarekin egoera salatuz. Segundo bakar batzuk izan ziren, baina ez ahaztekoak".

"Ez ziguten utzi Kongresuan elkarrizketaren mezua ematen, eta [ihes egin ondoren] Bruselako eta Parisko agerraldiak baliatu nituen ezker abertzalearen eskaintza zabaltzeko: gure herriari autodeterminazio eskubidea dagokiola, presoen egoera amaitu beharra zegoela, eta horretarako guztirako prest ginela hitz egiteko". 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna