finantzak

Kutxabanken beste bide orrian sakontzen

Akzioak udalen eta diputazioen esku uzteko eskaera berretsi dute Martin Garitanok eta Juan Karlos Izagirrek. Bankuak inbertsio funts bat abian jartzea proposatu dute, ekonomia laguntzeko.

Xabier Martin -

2014ko abenduak 4

Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak bide orri bat proposatu diote Iñigo Urkullu lehendakariari, bi helbururekin: Kutxabanken izaera publiko eta soziala berreskuratzea, batetik, eta mota honetako finantza erakunde batek Euskal Herriko ekonomian bete dezakeen eginkizuna kontuan hartuta, inbertsio funts bat abian jartzea, bestetik. Azken horrek lanpostu duinak sortzea eta industria biziberritzea izango luke helburu. "Arduraz jokatzeko garaia da, eta Gipuzkoako instituziook arduraz jokatuko dugu", adierazi du Garitanok. Gaur goizean Donostian egindako agerraldian Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak Kutxako Administrazio Kontseiluan zituzten ordezkariak ere izan dira.

Garitanok nabarmendu du krisiari aurre egiteko eta ehun produktiboa sendotzeko finantza erakunde bat behar dutela; enpresei aurrera egiten laguntzeko eta langabeziaren eta pobreziaren kontra borrokatzeko tresna bat, alegia. Datuak esanguratsuak dira: 2008tik Araba, Bizkai eta Gipuzkoako industriak 70.000 lanpostu galdu ditu. "Argi dago biziberritu eta egokitu egin behar dugula geure ehun industriala”, esan du ahaldun nagusiak.

Inbertsio funtsaren sorrera "Kutxabanken izaera publiko eta soziala berreskuratzeko" planaren barruan sartu dute Garitanok eta Izagirrek. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari eskatu diote plan hori abian jartzea, "berriki Kutxabank pribatizatzearen aurka agertu delako".

Izagirrek zehaztu duenez, lehen pausoa Urkulluk deialdia egitea eta Lehendakaritzaren eta EAEko kutxen sei erakunde sortzaileen (foru aldundiak eta hiru hiriburuetako udalak) arteko bilkura egitea litzateke, bide-orria eta ondoren egin beharreko urratsak adosteko. Bi gairen inguruan:

Foru Aldundiak joan den irailean aurkeztutako proposamena oinarritzat harturik, adostasun bat lor daitekeen aztertzea, Kutxabanken akzioak erakunde hauen esku laga edo eskualdatzeko: erakunde fundatzaileak, udalak eta Eusko Jaurlaritza.

Inbertsio funts bat eratzeko prozesua abiaraztea, enpresa txikien eta kooperatiben biziberritze industriala sustatzeko, eta enplegu duina sortzeko, Kutxabanken finantza babes nagusiaren bitartez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna