ALEMANIA
Die Linkek Alemaniako lander batean gobernatuko du lehenbiziko aldiz
Turingian koalizio ituna sinatu du ezkerreko alderdiak sozialdemokratekin eta Berdeekin. Gaur bozkatuko dute Ramelow presidente izan dadin.

Lander batzuetako gobernuetan parte hartutakoa zen Die Linke, baina aurreneko aldia izango da ezkerreko alderdi horrek zuzenduko duena lander bateko gobernua. Bost urtez Turingiako gobernua osatzeko akordioa izenpetu dute hiru alderdiek, eta Bodo Ramelow Die Linkeko ordezkaria izango da gobernuburu.
CDUk irabazi zituen bozak bertan, 34 ordezkari lortuta. Die Linkeren 28 ordezkariak, SPDren hamabiak eta Berdeen seiak batuta, ordea, gehiengoa izango du hiruko koalizioak. Ozta-ozta nagusituko dira, hala ere: 46 ordezkari izango ditu gobernua sostengatuko duen koalizioak, eta 45 oposizioak.
24 urte eman ditu CDUk Turingian gobernatzen; Alemaniako Errepublika Demokratikoa eta Alemaniako Errepublika Federala batu zirenetik, beraz. Hiruko koalizioak Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren eta Joachim Gauck estatuko presidentearen kritikak jaso ditu. Iluntzean protestak egingo dituzte Erfurten, landerreko hiriburuan.