euskara

Belaunaldi galdu baten ahotsak

Nafarroa erdialdeko azken euskaldun zaharrak elkarrizketatu zituen duela 30 urte Koldo Artola etnologoak; 'Ziorditik Uztarrozeraino' liburua plazaratu du. Bideoa: elkarrizketa Ignazio Etxarren Urritzolako azken euskal zaharrari (Aranzadi-BerriaTB).

Araitz Muguruza

2014ko abenduak 5

Euskalkien ikerkuntzari «lerro berri bat» erantsi dio Koldo Artola Aranzadi Zientzia Elkarteko etnologoak. Euskal Herriko atlas etnolinguistikoa lanerako (Aranzadi Zientzia Elkartea, 1983-1999) hainbat inkesta egin zituen Artolak Nafarroa erdialdean. Ez zen nolanahiko bilduma, eta horren jakitun zen Fermin Leizaola Aranzadi Zientzia Elkarteko etnografia saileko burua. «Leizaolak ikusi zuen bazegoela zer sakondu bertan; ordura arte egindakoa area bat zen, eta oraingoa hura sakonduko duen lerroa». Horren emaitza da Ziorditik Uztarrozeraino. Nafarroan, euskararen hegoaldeko mugetan barrena liburu sorta. Aranzadi elkartearen bidez kaleratu du.

Orotara, 69 herritako testigantzak bildu ditu Artolak. Belaunaldi galdu bateko azken ahotsak dira, euskalkia transmititu ez zen girokoak. Lehenago asko landu gabeko eskualdeetara ere iritsi da; Sakanara, kasurako. «Lehendabiziko errolda egin nuenean ez nuen askorik sakondu hura; bigarren aldia hobeto aprobetxatzen ahalegindu naiz». Inkesta berriak 1995 eta 2000 artean egin ditu. Ez du uste, hargatik, edukian aldaketarik izango denik. «Inkesta horietan esandakoak ez dira aldatu 80ko hamarkadatik hona, hizlariak 80ko hamarkadan ere bizirik baitzeuden; beraz, ezin dute aldaketa nabarmenik izan». Marcel Cohen hizkuntzalariaren metodologia erabili du lanerako Artolak. Hiru liburuz osatua dago: lehenengo bietan galdeketak eta hari lotutako azalpenak bildu ditu; hirugarrenean grabazioetako testuak sartu ditu.

Galderak eta esaldiak

570 galdera egin ditu guztira. Beste 42 esaldi ere erabili ditu, «erdia galdera, erdia baieztapenak» zirenak, Artolaren arabera. Ariketa moduko bat jarri zien: hiztunek gaztelaniatik euskarara itzuli behar izan zituzten esapideak. Hiztunak oro har moldatu zirela dio, nahiz eta zailtasunak izan zituztenak ere baziren tartean. «Inkesta egindako batzuek urte mordoa zeramaten euskaraz batere hitz egin gabe, eta gehiago kostatu zitzaien». Esaldi horiekin aldaera askotarikoagoa jaso nahi zuen Artolak, alde batetik bestera aldaketa handiagoak izaten direlako. Nafarroa erdialdea aztertu du Artolak, euskalkien hegoaldeko muga: Sakana, Uharte Arakil, Aezkoa, Zaraitzu, Zangoza eta Erronkaribar, besteak beste. Euskalki askoren ingurunea. Artolak, dena den, aurkitzen dizkie antzekotasunak. «Enbor bereko adarrak dira; desberdintasunak eta elkarguneak dituzte». Gogoratu du, bestalde, badirela orain dela bostehun urte euskara batuago zegoela dioten ahotsak. «Teoriek diote azken mendeetan joan direla euskalkiak elkarrengandik bereiziz, urrunduz». Ingurune geografikoak alde horretan eragina izan duela uste du etnologoak. «Mendian bakartuta geratu direnek hobeto mantendu dituzte betiko formak; esapide arkaikoagoak dituzte. Eta gertatzen dira bitxikeria batzuk: Erronkarin erabiltzen duten forma, adibidez, Bizkaian erabiltzen duten beste baten berbera izan daiteke».

Artola pozik dago euskara lehen galzorian egonda orain indarra hartu duelako. Berreskuratzea, dena den, errazagoa izango da euskara mantentzen den inguruneetan. «Motibazio handiagoa izaten da euskaraz egiten den herrietan; hizkuntzara bertaratzea errazagoa izaten da». Askotariko egoerak ikusten ditu Ziorditik Uztarrozera: «Eskualde batzuetan ez da euskara bakarrik galdu; populazioan ere beherakada handia izan dute. Oso zaila da hara atzera ere euskara sartzea, bere eremua desagertu egin baita». Zaraitzun topatu du adibide garbia. Han lauzpabost euskaldun zahar ezagutu zituen orain dela 30 urte; orain bakarra dagoela dio. Heriotzarekin, euskalkia bera ere eramaten dute. Azken euskaldun horien seme-alabek Iruñerrira jo dute bizitzera, eta batzuk han ari dira euskalduntzen. Artolaren iduriko, hor dago «etorkizun hurbileko borroka». Gogoan izan ditu ikastolak ere, batez ere Erronkarikoa. Eskualde horretako jendea «ahalegin berezia» egiten ari dela dio. Horri lotutako pasadizo bat kontatu du: «Beñat Estornesi omenaldia egin zioten Uztarrozen, duela hamar bat urte; herrian ikusi zuen mugimenduarekin zeharo hunkituta geratu zen. Itxaropena eman zion».

Aezkoan, esaterako, euskalkia berreskuratzen ari dira. Berri ona da Artolarentzat: «Eutsi nahi diote; ilusioa egiten du horrek».

Hitz egiten ez, abesten bai

Galdeketak egiten ibili zenean «oso harrera ona» izan zuela gogoratu du Artolak. Sekretu handirik ez dela behar dio: «Adineko jendearengana goxo-goxo joaten bazara, abegikorrak izaten dira». Galdeketen bidez, bestelako informazioa ere bildu nahi izan du. Bizimoduari lotutako galderak egiten zizkien. «Baserriko kontuez, prozesioak nolakoak izaten ziren edo beren eskola garaiaz galdetzen nien, besteak beste». Hizketan bakarrik ez zuten egiten, gainera. Otoitzak edo abestiak gogorarazi zizkien euskara galduta dutenei ere. «Euskara bazela esateko froga gisa balio dute».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna