AEB-ak

Armarik ez zuen gazte beltz bat hil du Poliziak AEBetan

Poliziaren arabera, auto batean droga saltzen ari zen gaztea. Brown eta Garner herritar beltzen hilketen harira piztutako protesten testuinguruan dator hilketa.

Garner hil zuen poliziaren kontra akusazio formalik ez jartzeko erabakiaren aurkako protestak, New Yorken.
Garner hil zuen poliziaren kontra akusazio formalik ez jartzeko erabakiaren aurkako protestak, New Yorken. ERIK S. LESSER / EFE

Berria -

2014ko abenduak 5

Polizia zuri batek Rumain Brisbon izeneko 34 urteko beltz bat hil du bart gauean Phoenixen (Arizona, AEB), bularrean bi tiro emanda. Poliziaren arabera, auto batean droga saltzen ari zen Brisbon, eta ez zituen besoak altxatu poliziak hala egiteko agindu zionean. Bertsio horren arabera, korrika atera zen Brisbon eta eraikin batean borroka izan zuen poliziarekin. Azken horrek dioenez, pistola bat ateratzeko keinua egin zuen gazteak, eta orduan egin zion tiro poliziak. Poliziak aitortu duenez, gazteak ez zuen armarik. Autoan, ordea, marihuana eta arma bat aurkitu dutela adierazi dute.

Hilketa testuinguru berezi batean jazo da; AEBetako hiri askotan protesta gogorrak izaten ari dira Michael Brown eta Eric Garner beltzen hilketen harira. Fergusonen (Misouri) joan den astean piztu ziren protestak, Michael Brown gazte beltza hil zuen polizia zuria ez inputatzeko erabakiaren ondorioz. Aste honetan antzeko kasua errepikatu da; zigarroak saltzen ari zen 43 urteko herritar beltza giltza batekin ito zuen poliziaren kontrako akusazio formalik ez aurkeztea erabaki du New Yorkeko epaimahai handiak. Erabakiaren gauean bertan izandako protestetan 83 pertsona atxilotu zituen poliziak.

Abenduaren 13rako Washingtonerako martxa antolatu dute eskubide zibilen aldeko hainbat erakundek eta Brown zein Gardenen senideek. Sinbolismoa argia da: 1963an, Martin Luther Kingek gidatuta, AEBetako hiriburuko Lincoln monumenturaino martxa egin zuten 250.000 pertsona inguruk, herritar afroamerikarren eskubide zibilen alde. Han egin zuen Luther Kingek Amets bat dut diskurtso ezaguna.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna