Merkataritza

Milioi bat TTIPen aurka

EBren eta AEBen arteko merkataritza ituna geratzearen aldekoek lortutako sinadurak eraman dizkiote Juncker presidenteari. "Hau irabaz dezakegu", azpimarratu du Susan Georgek.

TTIPren kontra protestan

Ivan Santamaria-Berriemaile berezia -

2014ko abenduak 9

“Banpiroaren estrategia erabili behar dugu. Argia eman eta desagertzen dira. Gauza bera egin behar da akordio honekin”. Susan George Transnational Institute erakundeko presidente eta altermundialista ezagunak mezu horrekin ireki du Europako Legebiltzarrean TTIP akordioaren aurka egiten ari diren jardunaldia. AEBen eta EBren arteko negoziazioetan “albiste txar asko” daudela azpimarratu du Georgek. Hala eta guztiz ere, baikortasunari lekua ere eman dio. “Hau irabaz dezakegu”.

GUE/NGL Europako Parlamentuko ezkerreko taldeak antolatuta, nazioarteko jardunaldia egiten ari dira gaur Bruselan, Merkataritza eta Inbertsio Akordio Transatlantikoaren (TTIP) egoera aztertzeko eta negoziazioak salatzeko asmoz. Euskal Herritik ordezkaritza zabal bat ari da parte hartzen, alderdi, sindikatu eta gizarte elkarteek osatuta.

Baikortasun hori oinarritzeko hainbat arrazoi ere eman ditu Georgek. Hasteko, akordio saioak makina bat esparrutan aldaketak ekarriko lituzke, eta, ondorioz, milioika herritarrengan eragina izango luke. Ikuspuntua garbi izatea eskatu du, halaber. “Ez dira amerikarrak europarren aurka daudenak. Herritarrak daude multinazionalen aurka, atlantikoaren bi aldeetan”.

Negoziazioak sekretuak dira, baina hainbat eduki filtratu dira orain arte. Hainbat eragilek lortutako informazioaren arabera, eduki asko eztabaidatzen ari badira ere, oraindik aurrerapen askorik ez da egin alor gehienetan, eta akordioak ere ez daude itxita. Puntu polemikoena ISDS delako sistemak dira, inbertitzaileen eta erakunde publikoen arteko ezadostasunei buruz erabakitzeko sistemak, auzitegi pribatuen bidez. “Gobernuentzat nahiz zergapekoentzat oso sistema garestia izango da. Administrazioek ez dute ezer irabazteko hor, eta konpainiek bai”, ohartarazi du.

Hizlarien artean aritu da Oskar Matute EH Bilduko legebiltzarkidea. Erabakitzeko eskubidearen aldeko defentsarekin uztartu du TTIP akordioaren aurkako kritika. “Herritarren aurka doa, baina herrien aurka ere bai”, azpimarratu du Matutek.

Gaur Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidentearen urtebetzea da. Urtemuga baliatuko du TTIP akordioaren aurkako herri ekinbide legegileak. Eguerdian elkarretaratzea antolatu du, eta Junckerren kabinetearen esku utziko ditu negoziazioen aurka bildutako milioi bat sinadura. EBk ekinbidearen erroldatzea ez du baimendu, eta debeku horren aurka auzitegira jo dute sustatzaileek.

Antzeko akordio gehiago lantzen

Gizarte mugimenduen agendan geroz eta kezka handiagoa sortu duen gaia da. Izen ofiziala, ingelesez, Transatlantic Trade and Investment Partnership da (TTIP). Euskaraz, Inbertsio eta Merkataritza Lankidetza Transatlantikoa. AEBen eta EBren artean "benetako merkatu bateratua" lortzeko akordio bat sinatzea da helburua. Globalizazioari beste bultzada bat emateko saiorik handiena da, finantza krisiak eragin duen etenaldiaren ondotik.

Munduko bi bloke ekonomiko aberatsenen arteko negoziazioak orain dela ia urte eta erdi hasi ziren. Sekretuak dira elkarrizketa horiek, baina zabaldu diren informazioek erne jarri dituzte globalizazioaren aurkako mugimenduak, atlantikoaren bi aldeetan. Liberalizazioaren aitzakian, itun horrek izan ditzakeen ondorio kaltegarriak ezkutatzen direla susmatzen dute. Esaterako, lan eskubideetan, zerbitzu publikoetan, energian edo ingurumenean. TTIP ez da mehatxu bakarra. Antzeko akordio bat lantzen ari da Europa Kanadarekin (CETA), eta finantza zerbitzuen merkatua liberalizatzeko hitzarmen bat ere ari da negoziatzen hainbat herrialderen artean (TISA).

Gaurko jardunaldian, besteak beste, TTIP akordioarekin jokoan dagoenari buruz ezbaidatuko da. Bestalde, gizartetik negoziazioen aurka egiteko sortu diren ekintzak aztertuko dituzte. Heldu den urtean protesta egun koordinatu global bat antolatzeko urratsak egingo dituzte, era berean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna