EuropaKO BATASUNA

Luzapena, porrotetan lehena

Greziaren erreskatea bi hilabetez luzatzea onartu du eurotaldeak. Ustekabean, Samarasek datorren astera aurreratu du Greziako presidentea aukeratzeko bozketa.

Sapin (Frantzia), Harduvelis (Grezia) eta De Guindos (Espainia), atzo, eurotaldearen bileran.
Sapin (Frantzia), Harduvelis (Grezia) eta De Guindos (Espainia), atzo, eurotaldearen bileran. OLIVIER HOSLET / EFE

Iker Aranburu -

2014ko abenduak 9

Hilabeteak daramate eztabaidetan katramilatuta Antonis Samarasen gobernua eta troika. Bigarren erreskatearen azken zatia, 1.800 milioi eurorena, ez ematea erabaki dute Europako Batasunak, Europako Banku Zentralak eta Nazioarteko Diru Funtsak, uste baitute Atenaseko agintariek murrizketa gogorragoak egin beharko dituztela kontuak orekatzeko.

Ikusita Greziak ezin duela merkatuetan bere burua aise finantzatu —%7tik gorako interes tasak ordaindu beharko lituzke hamar urteko zorraren truke—, EBk denbora irabaztea erabaki du. Luzapen teknikoak iraungo dituen bi hilabete horietan espero dute ados jarriko direla Grezia eta troika, eta oraingo erreskatea ordezkatu behar duen badaezpadako finantzaketa-lerroa hitzartu ahal izango dutela.

2010ean baieztatu zenetik Greziak bere kontu publikoen egoerari buruzko gezurra esan zuela egoerak okerrera egin du nabarmen herrialde hartan. Azken urteotan bere barne produktu gordinaren laurdena galdu du, langabezia ia %28ra iritsi da, eta ehunka mila greziar pobrezian erori dira. 

Europako Batasunak eta Nazioarteko Diru Funtsak 245.000 milioi euroko bi erreskate plan indarrean jarri dituzte, austeritate neurri gogorren truke. Atenasek gaur egun duen 315.000 milioi euroko zorraren %80 haiekin du.  

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna