TORTURA

CIAk tortura "latzak eta ez-eraginkorrak" egin zituela ebatzi du AEBetako Senatuak

2001tik 2009ra bitartean irailaren 11ko erasoen harira atxilotutakoei emandako tratua aztertu dute. Barack Obamak uste du torturek "kalte nabarmena" egin diotela AEBen irudiari, eta praktika hori "iraganean" uztearen alde agertu da.

Dianne Feinstein senatari demokrata izan da txostena egin duen batzordearen presidentea.
Dianne Feinstein senatari demokrata izan da txostena egin duen batzordearen presidentea. Jim Lo Scalzo / EFE

Berria -

2014ko abenduak 9

Bost urtean bildutako datuak jasota egin dute txostena, eta ustez Al Qaedako kide zirenei galdeketak egiteko metodoak izan dituzte aztergai. 2001ko irailaren 11ko atentatuen ostean atxilotutakoak galdekatzeko, CIA Ameriketako Estatu Batuetako zerbitzu sekretuek egindako praktikak jaso ditu Senatuak txostenean: besteak beste, astebetez galarazi zieten lo egitea, eta esan zieten ez zirela atxiloalditik bizirik aterako.

Areago: CIAren sendagileen oniritziz, gutxienez bost presori "medikoki beharrezkoak ez ziren prozedurak" ezarri zizkieten; esaterako, uzkitik elikatu eta hidratatu zituzten eta izotz bainuak eman zizkieten. Horrez gain, CIAko agente batzuek hiru atxilotu mehatxatu zituzten, esanaz, besteak beste, baten amari sexu abusuak egingo zizkiotela eta beste batenari "lepoa moztuko" ziotela.

Hori horrela, Senatuak ebatzi du CIAk Kongresuari esan ziona baino modu "latzagoan" torturatu zituela atxilotuak eta tortura horiek ez zirela eraginkorrak izan. Dianne Feinstein senatari demokrata izan da txostena egin duen batzordearen presidentea, eta hark aurkeztu du lana Senatuan.

Obama, tortura "iraganean" uztearen alde

Txostenaren edukiak zabaldu ostean, Barack Obama AEBetako presidenteak esan du torturek ez zutela lagundu "terrorismoaren kontrako ahaleginetan" ezta AEBen segurtasunean ere. Halaber, esan du txostenak lagundu behar duela "praktika horiek dagokien lekuan uzten; iraganean".

"Metodo gogor hauek, nazio gisa ditugun balioekin inkoherenteak izateaz gain, ez ziren baliagarriak izan", azaldu du Obamak. Gaineratu du tortura horiek AEBen irudiari "kalte nabarmena" egin diotela eta zaildu egin dutela AEBek "aliatu eta bazkideekin" bere "interesak defendatzea".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna