Antropologia

164.000 urte baditu gutxienez Lezetxikin aurkitutako humeroak

Uranio serieen bidez datatu dute duela 50 urte Arrasaten atzemandako hezurra. Euskal Herrian aurkitutako giza hezurrik zaharrena da. Haren DNA ikertuko dute hemendik landa.

Lezetxikin aurkitutako humeroa, atzean; lehen lerroan, erreplika. /
Lezetxikin aurkitutako humeroa, atzean; lehen lerroan, erreplika. / Juan Carlos Ruiz/Argazki Press

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2014ko abenduak 10

Uranioaren serieen bidezko datazioa egin diote 1964an Lezetxikiko koban (Arrasate, Gipuzkoa) aurkitutako humero hezurrari, eta hipotesiak baieztatu baino, gainditu egin ditu lortutako emaitzak. Hain zuzen, datazio lanetan ibilitako ikerlariek adierazi dutenez, 164.000 urteko antzinatasuna izango luke hezurrak gutxienez, beraz, baliteke hezurra Neandertalen aurreko giza espezie batena izatea. Bestalde, azterketa morfometrikoen arabera, Erdi Pleistozenoko giza fosilekin kidetasun handia dauka Lezetxikikoak, erraterako, Atapuercako (Espainia) Sima de los Huesoseko hezurrekin.

Gaur goizean aurkeztu dute aurkikuntza, Donostiako Goaz zentroan, eta humeroa ikertzen ibili diren Jesus Altuna paleoantropologoak eta Concepcion de la Rua EHUko antropologia katedradunak ikerketaren inguruko xehetasunak eman dituzte. Azaldu dutenez, orain arte datazio zuzenik egin ez bada, metodo egokia aurkitu nahian ibili direlako izan da. Horretarako munduko ikerlariak izan dituzte lagun, hala nola, Australiako Unibertsitate Nazionaleko Rainer Grun aditua. 

Dataren ondoren, DNA

Egindako lana "garrantzitsua" dela adierazi dute ikerlariek, baina proiektu luzeago baten "lehen fasea" bertzerik ez dela. Izan ere, hemendik aitzina humeroaren DNAren analisia egin nahiko lukete antropologoek. Azterketa berriak hezurraren inguruko datu gehiago emango lituzke, erraterako, gizon ala emakume batena den —orain arteko hipotesiek diote emakume batena izan daitekeela—. De la Ruak itxaropena erakutsi du datorren faserako, aurkitutako DNA zatituta dagoen arren, egon badagoelako, eta zehaztu duenez, batere ez egoteko aukerak bazeuden. 

DNA egoki sailkatzen lortuz gero humeroa zein giza espezierena izan daitekeen ere sakontzen ahalko lukete. De la Ruaren arabera, Neandertalen aurretik uste baino aniztasun gehiago egotea posible da. 

Europan, halako gutxi

Altuna eta Barandiaran batera aritu ziren orain dela 50 urte Lezetxikin egindako indusketetan, eta Altunak erran du "poz handia" eman diola ikerketak. Gainera, adierazi du Europan antzinatasun horretako "dozena erdi"  hezur bertzerik ez daudela, horietako bat delarik Lezetxikiko humeroa. Zientzia unibertsalari ekarpena eginen diola uste dute Altunak eta de la Ruak. 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna