brasil

Iragan ilunaren erantzuleak

Brasilgo Egiaren Batzordeak diktadurako 377 errepresiogile identifikatu ditu, eta horiek auzipetzeko gomendioa egin dio estatuari. 1979ko Amnistia Legeak inpunitatea bermatzen die akusatuei.

Dilma Rousseff presidentea, negarrez, Egiaren Batzordearen txostena jasotzeko ekitaldian, atzo, Brasiliako Planalto jauregian.
Dilma Rousseff presidentea, negarrez, Egiaren Batzordearen txostena jasotzeko ekitaldian, atzo, Brasiliako Planalto jauregian. FERNANDO BIZERRA JR. / EFE

Mikel Rodriguez -

2014ko abenduak 11

Egiaren Batzordeak ikertu ditu diktadura garaian (1964-1985) izandako giza eskubideen urraketak. Dilma Rousseff presidenteari eman diote txostena; malko artean eta "mendekurik gabe" aurkeztu du jende aurrean. "Egia eta memoriaren errespetua lortzeko egindako ahaleginen emaitza da lan hau", esan du.

4.500 orrialdetan bildu ditu Egiaren Batzordeak diktadura garaiko urraketak; biktimen testigantzak ere jaso dituzte. 434 hildako eta desagertu identifikatu dituzte, baita diktadura garaiko 300 kargudun baino gehiago ere —tartean daude poliziak, medikuak eta militarrak—. Horietatik 191 bizirik daude. Haien aurkako frogak izanda ere, ezingo dituzte epaitu. 1979tik indarrean dago Amnistia Legea, eta duela lau urte Auzitegi Gorenak berretsi zuen legea konstituzioaren aldekoa zela.

Rousseffek gogoratu du gaztea zenean ia hiru urte eman zituela preso, eta torturak jasan zituela diktaduraren kontra armak hartu zituen talde batekin lotura zuelakoan. Esan duenez, txostenak balioko du "iragan mingarri bateko mamuak omisioaren itzalean ez babesteko".

Hala ere, dokumentuan bildutakoak ez dira "gorrotorako arrazoi" izan behar, haren ustetan. "Brasilek egia merezi zuen, belaunaldi zahar eta berriek merezi zuten, baita senideak galdu zituztenek ere". Brasilgo presidentearen arabera, historia ezagutzea "ezinbestekoa" da hura "hobeto eraikitzeko".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna