AUSTRALIA

Australiara iritsi dira zipriztinak

Bere burua Estatu Islamikoaren jarraitzailetzat aurkeztu duen gizon batek 16 orduko bahiketa bat egin du Sydneyko kafetegi batean. Polizia indarrez sartu, eta bahitzailea eta bi gatibu hil dira tiroketan. Bideoa: Hegoaldeko Gales Berriko Polizia Lindt Chocolate kafetegian sartu den unea (ABC News).

Mikel Rodriguez -

2014ko abenduak 15

Hegoaldeko Gales Berriko Poliziak arratsaldeko lehen orduan eman du bukatutzat gaur goizean hasitako bahiketa. Polizia kafetegiko ate nagusitik sartu da tiro eginez, eta hiru lagun hil dira. Poliziak baieztatu du bahitzailea hil egin dela, ospitalean zaurien ondorioz. Beste bi hildakoak 38 urteko emakume bat eta 34 urteko gizon bat dira. Zauritu larriak ere badira. 

Bahituak kafetegi barruan artatu dituzte. Guztira 40 zeuden Lindt Australia konpainiak azaldu duenez; hori da kafetegiaren jabea. Poliziak "gogor armatuta" sartu dira Lindt Chocolate Cafe kafetegian, Sydneyko finantza gunean. Bertan bahituta zeuden hainbat lagun —30 baino gehiago ez, Poliziaren arabera—. Batzuek aurretik ihes egitea lortu dute. Ingurura hurbildu diren hedabideen arabera, leherketa batzuk aditu dira.

Australiako Poliziak apur bat lehenago identifikatu du ustezko bahitzailea. ABC telebista katearen arabera Iranen jaioa da baina 1996tik bizi da Australian. Jatorrizko izena Manteghi Bujerdi zuen, baina behin Australiara joan ondoren aldatu eta Man Haron Monis du izena, 9News kateak jakinarazi duenez.

Sydney Morning Herald egunkariak esan dutenez, Monis 2013an bere emazte ohiaren hilketarekin zerikusia izan zuelakoan zigortu zuten. Hainbat sexu erasorengatik ere zigortua izan zen. Egunkari horrek berak esan du Afganistanen egon diren soldaduen senideei irainak eta mehatxuak bidali izan dizkiela.

Tony Abbott Australiako lehen ministroak adierazi du bahitzaileak "motibazio politikoak" dituela: "Beldurgarria da  motibazio politikoak dituen pertsona batek jende errugabea atxikita izatea". Abbottek segurtasun batzorde bat antolatu du egoeraren jarraipena egiteko, eta Poliziak eginiko lana goraipatu du.

Hasieran zabaldu den informazioaren arabera, EI Estatu Islamikoaren bandera bat eskegi du bahitzaileak kafetegian, baina bandera hori EIrena dela baztertu dute. Edozein kasutan, "Terrorismoaren kontrako protokoloa" ezarri du Poliziak. Australiako musulman komunitateko hainbat arduradun eta elkartek bahiketak gaitzetsi dute.

Catherine Burn Hegoaldeko Gales Berriko Poliziaren alboko ordezkarik azaldu duenez, bahitzailearekin harremanetan jarri da Polizia sartu aurretik. Azaldu du behar bezainbeste denbora hartuko zutela egoera modu baketsuan normaltasunera itzul dadin. Geroago zabaldu denez, bahitzaileak EIren bandera bat eta Australiako lehen ministroarekin telefonoz hitz egitea galdegin du, eta ohartarazi du lau lehergailu jarri dituela; bi kafetegian bertan, eta bi inguruetan.

Atxiki dituztenetik bost lagun libre geratu dira, polizia sartu aurretik. Horietako hiru ihes egin dute, eta beste biek ihes egin duten edo  bahitzaileak berak utzi dituen libre, ez du argitu Poliziak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Mikel Rodriguez

Informazio osagarria