GARRAIOA

Uber zerbitzua debekatu du Frantziako Gobernuak ere

Urtarrilaren 1ean jarriko da debekua indarrean. Taxilariek ontzat hartu dute.

Iker Aranburu -

2014ko abenduak 15

Euskal Herrira iritsi aurretik ere, ateak  erabat itxi dizkiote Uber taxi zerbitzu alternatiboari. Joan den astean Madrilgo epaile batek zerbitzua eten zuen Espainian eta Hego Euskal Herrian. Gaur, berriz, Frantziako Barne Ministerioak iragarri du urtarrilaren 1aren aurretik debekatuta izango dela. Belgikak, Herbehereek eta Thailandiak ere antzeko neurriak hartu dituzte, taxilarien lehia desleiala egiten dietela argudiatuta. 

Uber 220 hiritan dago mundu zabalean gaur egun. Harentzat lan egiten duten auto gidariak eta erabiltzaileak harremanetan jartzen ditu aplikazio baten bidez, beti unean uneko zerbitzuak eskaintzeko. Trukean, garraio horren kostuaren zati batekin geratzen da. Sortu zenetik, han eta hemen ikusi ahal izan dira taxi gidarien protestak, Europako hiri askotan adibidez. 

Parisko taxilariek gaur goizean egin dute protesta. Roissy eta Orlyko aireportuetatik abiadura oso motelean abiatu dira dozenaka taxi Paris erdialdera, eta trafiko ilada handiak eragin dituzte. UNT taxilarien elkarteak txalotu egin du Frantziako Gobernuaren erabakia. 

Pierre-Henry Brandet Frantziako Barne Ministerioko bozeramaileak jakinarazi duenez, taxi baimenik ez duten gidariek 300.000 euroko isuna eta bi urte arteko espetxe zigorra arriskatzen dute bezeroak diru truke eramanez gero. Horrelako zerbitzuak bezeroentzat arriskutsuak direla nabarmendu du Brandetek, ez dutelako asegururik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna