LURRALDE GARAPENA

Udalbiltzak Pirinioetarako diru laguntzen bigarren deialdia zabaldu du

Pirinioetan garapen eredu parte hartzailea garatzeko, lankidetza hitzarmena sinatu dute Udalbiltzak eta Cederna Garalur elkarteak.

Maite Iturre Udalbiltzako lehendakariordea eta Baztango zinegotzia, Mertxe Aizpurua Udalbiltzako lehendakaria, Jose Maria Aierdi Cederna Garalurreko burua, Felix Jamar Jauregi Aezkoako Batzarreko burua eta Ruben Gomez Liginagako auzapeza, gaur, Antsoainen
Maite Iturre Udalbiltzako lehendakariordea eta Baztango zinegotzia, Mertxe Aizpurua Udalbiltzako lehendakaria, Jose Maria Aierdi Cederna Garalurreko burua, Felix Jamar Jauregi Aezkoako Batzarreko burua eta Ruben Gomez Liginagako auzapeza, gaur, Antsoainen / Berria

Lohizune Amatria -

2014ko abenduak 16

Iazko arrakastaren ondoren, Euskal Prinioetan lan eta bizi programaren bigarren deialdia aurkeztu du Udalbiltza Euskal Garapen eta Kohesio Fondoak Antsoainen (Nafarroa), Cederna Garalurren egoitzan. Programa handiagoa izango da bigarrena. “Diru laguntza jaso ahalko duten proiektuak gehiago izango dira; 20tik 28ra pasatuko gara”, azaldu du Udalbiltzako lehendakariorde eta Baztango zinegotzi Maite Iturrek. Ez da aldatu duten gauza bakarra: “Orduan hartu genuen Pirinioetako esparrua ere handitu dugu. Iaz 103 herri sartu ziren baitan, eta aurten 128 dira”. Otsailaren 16ra bitarte aurkeztu ahal dira proiektuak.

Hiru laguntza programa jarri ditu abian: Eragin jarduera ekonomiko berriak sustatzeko programa, Elgarrekin saretze programa eta Garapen soziala egitasmo sozialak sustatzeko programa. Guztira 120.00 euro banatuko dituzte, eta proiektua garatzeko tutoretza ere jasoko dute aukeratutakoek. Laguntzak eragile pribatu, sozial eta erakundeetara daude bideratuta. Cederna Garalurrek, Euskal Herriko Laborantza Ganberak eta Gaindegiak gainbegiratuko dituzte proiektuak, eta aholkularitza lana ere egingo dute. Proiektuek finantzabidea lortu ahal izateko, Herrikoarekin eta Fiare Banka Etikoarekin ere hitzarmenak sinatu ditu Udalbiltzak.

Pirinioetako eskualdeetako garapenerako 66 egitasmo aurkeztu ziren iaz, eta horietako 19k Udalbiltzaren diru laguntza jaso dute. Haren esperientzia azaldu du Felix Jamar Aezkoako Batzarreko buruak: “Aezkoa, Zaraitzu, Garazi eta Zuberoako eskualdeen artean proiektu bat garatu genuen. Aukeratu egin zuten”. Sorpresa pozgarria izan zen bailarentzat, haiek aurkeztutakoaz gain, inguruko beste lau proiektu ere aukeratu zituztelako. “Ez da arazo denen konponbidea, baina baldintza hobeagon lan egiteko bidea ireki du”.

Pirinioetan inbertsio politika handitzeko eta tokiko garapen ekimenak lehenesteko asmoz, lankidetza hitzarmena sinatu dute Cederna Garalurrek eta Udalbiltzak. Hitzarmenaren bidez, Euskal Pirinioetan lan eta bizi programan parte hartuko du Cederna Garalurrek. “Elkarteko teknikariek diru laguntzen berri eman, eta eskaera egiten lagunduko die proiektua duten ekintzaile, elkarte eta enpresei”, esan du Mertxe Aizpurua Udalbiltzako buruak. Gainera, eragile instituzional, ekonomiko eta sozialen adostasuna oinarri duten eta mugaz bi aldeetako lankidetza egonkorra sustatzeko dinamikak bultzatzeko konpromisoa ere hartu dute. “Dinamika horiek, gainera, mugaz bi aldeetako entitate iraunkorrak sortzeko bideak jarriko dituzte”. 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna