EKONOMIA

Errusiako ekaitza ziklogenesi bihurtu da

Banku zentralak interes tasak %17ra igo izanak merkatuen izua indartu du, eta errubloak euroarekiko beste %20 galdu du egun bakarrean.

Errubloaren eta euroaren arteko trukearen prezioa, Moskun.
Errubloaren eta euroaren arteko trukearen prezioa, Moskun. Anatoli Maltsev / EFE

Iker Aranburu -

2014ko abenduak 16

Errusiako Banku Zentralak interes tipoak %10,5etik %17ra igaro ostean egin du behera txanponaren balioak; euro bakoitzeko 90ko balioa zuen errubloak, eta minutu gutxian heldu da 100era. Atzo, bere balioaren %10 galdu zuen, eta urte hasi denetik, berriz, %60 egin du behera.

Banku Zentralak azaldu du inflazioa eteten saiatzeko igo dituztela interes tipoak. Brent upelaren balioa jaitsi egin da gaur, eta, Banku Zentralaren kalkuluen arabera, Errusiako ekonomiak %4,7 egingo luke atzera horren ondorioz.

Ekainetik hona %40 inguru jaitsi da upelaren balioa. Sekulako arazoa da hori petrolioaren eta gasaren salmentatik bizi den ekonomia batentzat. Bi hidrokarburo horiek betetzen dute Moskuren aurrekontuaren erdia baino gehiago. Orain arte, diru sarrera horren jaitsierari aurre egin ahal izan dio Errusiak, urte oparoetan erreserba handiak pilatu zituelako. 430.000 milioi ziren azaroan, baina horien zati bat erabili beharko du hurrengo hilabeteotan kontuak orekatzeko eta finantzaketa beharrean diren enpresak salbatzeko. Zorpetzea da beste aukera bat, Errusiak oso txikia baitu, bere BPGaren %13koa baizik ez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna