Telebista

ETB Nafarroan ikustearen aldeko mozioa onartu du Parlamentuak

Nafarroako Parlamentuko Kultura, Turismo eta Erakundeekiko Harremanen batzordeak bi puntuko agiria onartu du, Foru Gobernuari eskatzeko aukera emateko nafarrei ETB ikusteko Lurrezko Telebista Digitalaren bidez.

Edu Lartzanguren -

2014ko abenduak 16

Altsasuko (Nafarroa) herritar talde baten ekimena da mozioa, eta ETB ikusi nahi dugu lelopean bultzatu zuten parlamentuko taldeen artean. PSNren, Bilduren, Aralar-NaBairen, Izquierda-Ezkerraren eta Geroa Bairen sostenguarekin eraman dute agiria Parlamentura.


Mozioak bi puntu ditu. Lehenak dio: «Nafarroako Parlamentuak Gobernua premiatzen du, ETB Nafarroa guztian ikusteko bide berriak urratzera». Aho batez onartu dute talde guztiek lehen puntu hori, baita UPN eta PPk ere.


Bigarren puntuak, berriz, eztabaida sortu du. Nafarroako Gobernuari ETB Nafarroan lehenbailehen ikusteko formulak bila ditzan eskatzen dio, «esaterako, egungo ETBren sare analogikoa digitalizatuz edo bestelako neurriekin». UPNk eta PPk «legearen barruan» esaldia gehitu nahi izan diote puntuari, baina ez dute lortu. Azkenean, UPNk eta PPk kontra bozkatu dute, baina beste taldeen zazpina bozekin berdintuta, boto ponderatuz nagusitu da mozioa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna