Palestina

EBren terroristen zerrendatik kenduko dute Hamas

Badira lau urte Hamasek berak salatu zuela taldea zerrendan sartzeko erabakia ez zela ikerketa baten ondorio izan, AEBetatik jasotako txostenen emaitza, baizik. Europako Parlamentuak lurraldearen estatu izaerari buruzko bozketa egin behar duen egunean etorri da erabakia.

Ismail Haniyeh Hamaseko burua.
Ismail Haniyeh Hamaseko burua. Mohammed Saber / EFE

Berria -

2014ko abenduak 17

Hamas Europako terroristen zerrendatik kanpo ateratzeko agindu du Europako Auzitegi Gorenak, Hamasek 2010ean jarritako helegite baten ondotik.

Haren arabera, taldea zerrendan jartzeko erabakia ez zen hartu ikerketa baten ondoren, AEBetako iturriek emandako datuetan eta egunkariek argitaratutako informazioetan oinarrituta baizik. Horiek hala, eta Hamas "demokratikoki aukeratutako gobernu baten zati" dela argudiatuz hura terroristen zerrendan sartzea "giza eksubideen urraketa" dela salatu zuen Hamasek.

Hala ere, epaiaren arabera, eta behin-behinean, Hamasen kontrako zenbait neurrik indarrean jarraituko dute; esaterako talde palestinarraren diru kontuek izoztuta jarraituko dute gutxienez hiru hilabetez, ikerketaren emaitzak jasotzen diren artean.

Erabakia, baina, ez da denen gustukoa izan. Israelgo lehen ministroak, Benjamin Netanyahuk, gaitzetsi egin du iragarpena eta Hamas berriz ere zerrendan sartzeko eskatu. "Prozedurazko akatsak egin direla esatea ez da nahikoa azalpen halako erabaki bat hartzeko".

Estatu izaera jokoan

Ebazpena behin-betikoa ez den arren, une erabakigarrian dator, izan ere Palestinaren estatu izaeraren inguruko bozketa egingo dute gaur Europako Parlamentuan. Azaroaren amaieran eztabaidatu eta adostutako testuak Palestinaren estatu izaera aitortzen du eta bi estatuen irtenbidea proposatzen du Ekialde Hurbileko gatazkaren irtenbide gisa.

Horretaz gain, PAN Palestinako Aginte Nazionalak oso antzeko proposamena aurkeztuko du gaur NBEren osoko bilkuran. Bertan Palestinaren estatu izaera aldarrikatzeaz gain, Israelek lurralde okupatuetan dituen tropak bi urteko epean erretiratzeko ere eskatzen dute. AEBk, ordea, dagoeneko iragarri dute beto eskubidea erabiliko dutela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna