INGURUMENA

Fracking proiektuen ingurumen eragina batera neurtzea baztertu du Eusko Legebiltzarrak

EH Bildu eta PSE-EEren ekimen bat atzera bota dute EAJk, PPk eta UPDk.

Lurpetik gasa ateratzeko azterketak egin zituzten orube bat, Subilla Gasteizen. Artxiboko irudia.
Lurpetik gasa ateratzeko azterketak egin zituzten orube bat, Subilla Gasteizen. Artxiboko irudia. Raul Bogajo / Argazki Press

Berria -

2014ko abenduak 18

Gas ez konbentzionala fracking teknikaren bidez erauzteko, proiektuak banaka aztertuko dituzte. Eusko Legebiltzarrean eginiko bozketan, lehenetsi dute proiektu bakoitzaren ingurumen eragina banaka aztertzea, egitasmo guztien ingurumen eraginaren ebaluazio bakarra egin beharrean. Bigarren aukera horren aldekoak ziren EH Bildu eta PSE, baina kontra bozkatu dute EAJk, PPk eta UPDk.

Zehazki, ustiapen osoak ingurumenean, ekonomian eta arlo sozialean izan lezakeen eragina aztertzea edo soilik "zulaketak eragin ditzakeen inpaktu zuzenak" neurtzea ziren bi aukerak.

Gasik baden ikertzeko Geminis proiektuaren eskutik heldu da eztabaida Eusko Legebiltzarrera. Euskal Herrian, batez ere Araban eragin du zeresana fracking-ak, han egin baitituzte azterketa gehienak. Talde ekologisten arabera, Arabako lurren %88 hartzen dituzte gasa bilatzeko proiektuek. Bizkaian, lurren %73. Azterketak eginak dituzte Bizkaian lehen ere, Arratia inguruan, Saia proiektuarekin —Araba eta Bizkaia hartzen ditu plan horrek—.

Geminis egitasmoak, ordea, baditu berezitasun batzuk: nagusia, kostaldea hartuko duela aldez alde. Lurpea ez ezik, itsasoa ere arakatuko dute. 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna