EUSKAL PRESOAK

Sarek "kezkagarritzat" jo du EAJ presoen eskubideen aldeko martxara ez joatea

Plataformak adierazi du alderdi jeltzaleko militante ugarik hartuko dutela parte urtarrilaren 10eko mobilizazioan.

Teresa Toda, Sareko bozeramailea.
Teresa Toda, Sareko bozeramailea. Juan Carlos Ruiz / Argazki Press

Berria -

2014ko abenduak 18

Teresa Toda Sareko bozeramaileak, Infozazpi irratian eginiko adierazpenetan, esan du EAJk mobilizazioan parte ez hartzeko erabakiak "ezinegona" sortzen duela, eta alderdiko buruzagiei egotzi die presoen milaka senideez "ahaztea"; Sarek nabarmendu du senideak direla, hain zuzen, "sakabanaketaren zama zuzenena eta mingarriena" daramatena.

Nolanahi ere, EAJko militanteek ere urtarrilaren 10eko protestan izango direla ziurtatu du Todak: "Uste dut uneotan indarrak batu eta lankidetzan aritu behar dela". Horren harira, gogorarazi du Sareren helburua "indarrak batzea eta eskubide urraketa egoera baten aurrean erantzutea" dela.

Bestalde, presoek zigorra betetzean Frantziako espetxealdia aintzat hartu behar zaien erabakiko du urtarrilaren 13an Espainiako Auzitegi Gorenak. Horren inguruan, Agus Gorbea Sareko kideak uste du Espainiako Gobernua presio egiten ari zaiela epaileei, eta "legea bihurritzea" egotzi dio Madrili.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna