POLITIKA

Poulou, oposizioari: "Tarteka ehizarako zizpa hartu eta tiro egiteko gogoa dut"

Eneko Aldana Douat, Ziburu Biziko zerrenda buruak, herriko kontseiluan egindako galderari, mehatxu bidez erantzun zuen asteartean Guy Poulou Ziburuko auzapezak.

Guy Poulou Ziburuko auzapeza.
Guy Poulou Ziburuko auzapeza. / Sylvain Sencristo

Berria -

2014ko abenduak 19

Abenduaren 17an, Ziburuko herriko kontseilua iragan zen. Bertan, Eneko Aldana Douat, Ziburuko Biziko zerrendaburuak hitza hartu zuen. Izan ere, herriko aldizkarian, oposizioari zuzendutako tartean, Ziburu Bizik testu bat idatzi zuen. Aldanak, Poulouk testutik “sei hitz” kendu zituela erran zion eta aldaketa horren zergatia eskatu zion Poulouri. Azken honek, hasiera batean ez zuen onartu aldaketarik egin zuenik baizik eta “moldaketa” bat, Ziburu Bizi hitza “askotan errepikatzen” baitzen. Aldanak, testua “ezin zuela” aldatu gogoratu zion Poulouri eta ezin zuela “ez kakotx edo pundu bat gehitu edo kendu”. Jarrera hori, zentsura eta “haur jarrera” bat zela gaineratu zuen Aldanak.

Poulou, Aldanak emandako erantzunarekin ez zela ados esan zuen eta bera ere Ziburu Bizigandik “erasoa” izan zela adierazi zuen. Alderdi abertzaleak, Seaskak Ziburun antolatutak manifestaldia kari idatzitako esku orria irakurri zuen eta testua, Poulouren “aurkako” adierazpenak zeudela berretsi zuen. Are gehiago, horrelakoak irakurtzen zituenean, “ehizarako zizpa hartu eta tiro egiteko gogoa” ematen ziola erran zuen.

Eneko Aldana Douatek Sud Ouest kazetari adierazi dionez, ez du salaketa jartzeko asmo. Kontseilu egunean “bere burua ridikulizatu” zuela gaineratu du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna