EUSKOBAROMETROA

Erabakitzeko eskubidearen aldekoak, gero eta gehiago

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, %62 dira independentziari buruzko erreferendum bat egitearen alde daudenak —urtebetean zortzi puntu hazi da kopurua—, Euskobarometroaren arabera. %35ek bozkatuko lukete alde, eta %34k kontra.

Gure Esku Dagok erabakitzeko eskubidearen alde iazko ekainean eginiko giza katea.
Gure Esku Dagok erabakitzeko eskubidearen alde iazko ekainean eginiko giza katea. Josu Santesteban / Argazki Press

Jon O. Urain -

2014ko abenduak 19

Urriaren 27tik azaroaren 14ra bitartean 600 lagunen artean eginiko galdeketaren emaitzak aurkeztu ditu gaur Euskobarometroa egiten duen Euskal Herriko Unibertsitateko taldeak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrei galdetu diete.

Independentziari buruzko erreferendum bat egitearen alde daude gehienak (%62), baina kopuru hori %45era jaisten da Nafarroa erreferendumetik kanpo geratuko balitz. Euren burua abertzaletzat dutenen %88 daude kontsultaren alde, baina baita euren burua ez abertzaletzat dutenen %42 ere. Azken horien kasuan bost puntu hazi da kopurua sei hilean.

Independentziari buruzko balizko erreferendumean, gehiago lirateke aldekoak (%35), ozta-ozta (%34 kontrakoak). Independentziarekiko babes hori nabarmen urrituko litzateke Nafarroa kanpoan geratuz gero, eta beste horrenbeste Europako Batasunetik kanpo geratuz edo ekonomiari kalte eginez gero.

Independentzia nahi "handia" %30k dute, eta gutxi edo batere ez %53k. Estatu independentea izanez gero, ordea, bizimoduak hobera egingo lukeela uste dute %28k, eta baldintzen arabera %15k.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna