Epaiketak

"Epaiketa politikoa izan da"

Epaiaren zain geratu da 28 gazteen aurkako auzia; fiskaltzak hamaseiren aurkako akusazioa mantendu du. Gazteek azkenekoz hitza hartzean, epaileak ez die utzi auzia bera eta jasandako torturak salatzen.

Hodei Iruretagoiena -

2014ko abenduak 20

«Hau epaiketa politikoa izan da. Torturetan oinarritutako epaiketa politiko bat, gainera, Istanbulgo protokoloak argi utzi duen bezala eta epaiketa osoan ikusi dugun bezala. Gu militante politi- koak gara, horregatik epaitu gaituzte. Eta militante politiko izaten jarraituko dugu. Auzitegi Nazionala ez da nor gu epaitzeko, ez du inolako zilegitasunik. Akaso Euskal Herriak, eta Euskal Herriak eman du bere hitza: libre nahi gaitu 28ak».

Hori zen Segiko kide izatea egotzita epaitu dituzten gazteen azken hitza, epaiketa amaitu ondoren Ainhoa Villaverdek BERRIAri azaldu dionez. Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaimahaiak, ordea, ez die utzi mezua bukatzen. Bat bestearen atzetik, auzipetu bat baino gehiago saiatu dira Angela Murillo epailearen aurrean hori adierazten, baina denei moztu diete hitza.

Xabier Arina hasi da: «Ez dugu epaiketa hau onartzen». Hitza kendu dio epaileak, eta esertzeko agindu. Bakoitzak bere buruaren defentsa egiteko eskatu die: «Zure defentsan. Mitinik ez». Imanol Salinasek hartu dio lekukoa: «Auzi luze honetan atxilotuak, torturatuak izan gara. Espetxeratu gaituzte, sakabanatuak izan gara. Zigortu gaituzte erabaki arbitrarioengatik…». Hitza kendu diote, baina jarraitzen saiatu da: «Ez bazaizu gustatzen zer egin diguten entzutea, behintzat...». Isiltzeko agindu diote: «Torturatu gaituzte, sakabanatu...». Mikrofonoa kendu diote.

Haren atzetik, hitza eskatu du berriz Igarki Roblesek. Eman diote, baina bere lekutik hitz egin behar izan du, mikrofonorik gabe. Prentsa aretora ez da iritsi haren ahotsa. Azkar agindu diote esertzeko. Oihana Lopez atzetik. Epaileak, berdin. «Zure defentsan. Mitinik ez». Azkenean, «auzia epaiaren zain geratzen da», esan du Murillok, beste auzipetuei hitza hartzeko aukera ukatuz. «Gora Euskal Herria askatuta», «Gora euskal gazteria». «Gora». «Gora». Eta txaloak.

Horrela bukatu da 28 gazteen aurkako epaiketa. Asteazkenean, hamabiren aurkako karguak erretiratu zituen fiskaltzak, lau urteren ondoren. Beste hamaseik jarraitzen dute seina urteko kartzela zigor eskaerarekin. Defentsak salatu du akusazioaren oinarri bakarra inkomunikazio aldiko deklarazioak direla, eta horiek froga baliorik ez dutela. Eta hori eztabaidatik kanpo dagoela Espainiako auzitegien azken urteetako jurisprudentzian, baita Auzitegi Nazionaleko areto horren beraren praktikan ere.

Hogeita zortzi auzipetu zeuden: Espainiako Poliziak atxilotu zituen 20, eta horietatik 19k salatu zituzten torturak —Madrilera bidean tratu txarrak izan zituela beste batek—. Ihes egin eta Izpuran itxialdia egin ondoren, Frantziako Poliziak atzeman zituen beste zortziak: ez dute salaketarik egin. Torturak salatu dituztenek Istanbulgo protokoloa egin dute, eta guztiei aitortu diete sinesgarritasun «erabatekoa» edo «oso handia» perituek.

Inkomunikazioa

Asteazkenean, sei auzipeturen defentsa egin zuten: Xabier Bidaurre, Xabat Moran, Garazi Autor, Ruben Villa, Oihana Lopez eta Eneko Villegas. Hamar geratzen ziren atzoko: Ibon Esteban, Ander Maeztu, Imanol Salinas, Xabier Arina, Julen Zuaznabar, Ainhoa Villaverde, Igarki Robles, Bergoi Madernaz, Marina Sagastizabal eta Aiala Zaldibar. Denen absoluzioa eskatu dute, tortura salaketak egoteaz gain, epaitu diren jarduera guztiak publikoak direla eta oinarrizko eskubideen barruan daudela azalduta.

Juan Antonio Garcia Jabaloy fiskalaren argudioei erantzunez ekin dio Jaione Karrera abokatuak. Hark, zalantzan jarri zuen Istanbulgo protokoloan oinarrituta —nazioarteko aditu ugarik landu eta Nazio Batuen Erakundeak hobetsitako metodo zientifikoa da— gazteen tortura salaketak aztertu dituzten perituen lana. «Adituak dira peritu hauek, prestakuntza espezializatua jaso dute, eta ibilbide profesional luzea », ekarri zion gogora Karrerak.

Inkomunikazioa eta tortura, Istanbulgo protokoloan oinarritutako analisi egituratua izeneko txosten zientifikoa ere atera zuen Karrerak. Han, sinesgarritzat jo zituzten 45 herritarren salaketak; tartean, auzipetuetako batzuenak.

Fiskalak, besteak beste, galdetu zuen zergatik ez zioten gazteek ofizioko abokatuari kontatu jasaten ari zirena. Karrerak oroitarazi zion berriz —Amaia Izkok egin bezala— atxilotuek ez dutela traturik izaterik ofizioko abokatuarekin inkomunikazio erregimenean badaude. «Harrizko» lekukoak izaten direla, esku hartzerik ere ez dutenak. Esanguratsua da Ibon Estebanek salatutakoa: poliziekin afaltzen aritzen zela ofizioko abokatua, «broma giroan».

Polizia etxeko deklarazioez gain, epaile aurrekoak ere badituzte auzipetu batzuek. Horiei ere ezin zaiela baliorik eman defendatu zuen Karrerak. Hasteko, epaile aurretik ere inkomunikatuta pasatu zirelako. Gainera, tratu txarrak jaso zituzten auzi medikuen txostenak esku artean izan arren, ez zuen neurririk hartu. Psikologoek azaldu zuten denbora behar izaten duela torturatuak shock egoeratik irteteko: denbora asko batzuetan, eta hurbileko pertsonekin kontaktua izateak lagun dezakeela. Halako neurririk zergatik ez zen hartu galdetu zuen abokatuak: zergatik ez zen tarte bat utzi epaile aurrean deklarazio egin aurretik.

Ildo beretik jarraitu zuten Aiert Larrarte eta Atxarte Salvador abokatuek ere. Poliziaren ikerketak ez direla epaiketan behar bezala berretsi salatu zuten: ez jarraipenetakoak, ez miaketetakoak. Eta, gainera, horiek ere ez dutela «erakunde terroristako kide» izateko akusazia inondik inora berresten. Adibide ugari aipatu zituzten: gazte martxetan, Gazte Topaguneetan, mobilizazioa publikoetan... parte hartzea. Horietako batean ere ez zen Segiren sinadurarik. Hatortxu Rock jaialdira joatea, gazte asanblada baten txosnan lan egitea, ordenagailuan prentsa artikulu bat edukitzea, «independentzia» lelodun kamiseta bat izatea...

Salvadorren esaldi batekin bukatu da defentsaren ondorioen txanda: «Ikusi den bakarra da gazteak direla, independentistak, konprometituak. Eta hori ezin da delitu izan».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna