Politika

Mugimendu iraunkorra bihurtu dute EHBai

Ez da alderdi politiko berri bat sortzen. Ez da izanen hiru alderdi horiez gain beste laugarren bat. EHBairen baitan dira elkartuko Abertzaleen Batasuna, Sortu eta EA alderdien ordezkariak.

Koalizio izateari utzi eta "mugimendu iraunkor" bihurtzea onartu du gaur EHBaik. NICOLAS MOLLO
Nora Arbelbide Lete.
2014ko abenduaren 20a
09:17
Entzun

Pozik ziren gaur EHBaiko ordezkariak, 165 pertsona bildu baitira gaur goizean Uztaritzen, orain arte koalizioa izan denak deiturik. Zifrak berak “indartzen ” ditu, bozeramaile den Anita Lopepek erranik, bereziki ikusirik parte hartzaileen artean alderdietako kideetatik haratagokoak ere bazirela, eta lurraldea bere osotasunean ordezkatua izanen dela, baita belaunaldiak eta jatorri sozialak.

Eta hortik, koalizio izatetik “mugimendu iraunkor” izatearen aldeko bozketa nagusitu da. Horrekin EHBaik beste bide bat hartzekoa du. EHBairen baitan dira elkartuko Abertzaleen Batasuna, Sortu eta EA alderdien ordezkariak. Baina alderdiak ez dira desagertuko.

Aldaketa konkretua ez da oinarri politikoetan, biltzar nagusiak berretsi baititu koalizioak zituenak. Aldaketa nagusia, egituraketan da aurkituko: “Orain arte EHBaientzat erabakiak hiru alderdien arteko koordinazio batek hartzen zituen. Bihartik goiti talde lokalak izanen dira. Izanen da EHBai Garazi Baigorri, EHBai Zuberoa, EHBai Amikuze, EHBai Hego Lapurdi, eta beste. Eta gero, horri lotua, EHBaik hartuko dituen erabaki politiko nagusiak EHBairen biltzar nagusi batek hartuko ditu, eta zuzendaritza berri batek”, azaldu du  Lopepek.

Zuzendaritza berria goizean aukeratu dute. Baina urtarrilean ukanen du bere lehen bilkura. Eta orduan dituzte bide berri horretako bozeramaileak aukeratuko.

Zuzendaritza horren osaketan agertzen dira hiru alderdi politikoak, hain zuzen. Baina hauen ordezkariek “gutxienekoa ukanen dute”. Tokiko ordezkariek dute indar gehien izanen. “Beraz, aldaketa biziki handia da barneari begira” azpimarratu du Lopepek. Eta Peio Etxeberri-Aitziart bozeramaileak berretsi du, tokiko ordezkaritza horren garrantzia: “Horrela errespetatzen baita  gure izpiritu berri hori. Hau da, dena tokiko taldeetatik erabakitzea”.

Izena bezala, oinarri politikoak berdinak gelditzen direla, Kaiet Arrizabalaga bozeramaileak gogoratu ditu hiru oinarriak. Alderdi abertzale, ezkertiar eta ekologista dela EHBai. Europan finkatu nazio bat, eskubide zibil eta politikoak, justizia soziala eta ekologikoan oinarritua modelo berri bat eta euskararen ofizialtasunaren alde den mugimendu bat.

Adostasunetik

Aktualitatean diren bi gaiei begira, jarrerak adostu ditu mugimenduak. Batetik, Ipar Euskal Herriko instituzio eztabaidari begira, lan metodoa berretsi du EHBaik. Hau da, Prefetak egin proposamenek sortu eztabaidan “aktiboki” parte hartzea berretsi du. Aukerak aztertzen segituko ditu, beti ere, “bere filtroaren bidez”.  Lurraldetasuna, baliabide ekonomikoak, eskumenak, demokratikoki egiten ahalko diren hautaketak eta aukerak bestelakotzen ahal diren zainduko ditu. Proposamenei begira, “izatekotan”  hiri elkargo bakarrarena izan daitekeela interesgarria gaineratu du Lopepek. Baina bakarrik ” bide puska bat egiten laguntzeko”. Adibide bat emateko, Lopepek azaldu du hiri elkargo bakar horrek ez lukeela laborantzarako eskumenik, eta hori ezinezkoa zaiela.

Beste aktualitateko puntua heldu den urteko departamendu mailako hauteskundeak izanen dituzte. Horri begira, EHBaik 12 kantonamenduetan ordezkariak izanen dituela iragarri dute

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.