'CAN AUZIA'

CANi buruzko ikerketa batzordearen sorrera urtarrilera atzeratu du Nafarroako Parlamentuak

EH Bildu, Ezkerra eta Geroa Bairen proposamena tramiterako onartu dute Parlamentuko Mahaiak eta Bozeramaileen Batzordeak.

Ustelkeriari buruzko ponentzia, iragan ostiralean.
Ustelkeriari buruzko ponentzia, iragan ostiralean. Iņigo Uriz / Argazki Press

Berria -

2014ko abenduak 22

Taldeek ostiralean erregistratu zuten Nafarroako Kutxaren auziari buruzko ikerketa batzorde bat eratzeari buruzko presazko eskaria. Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Bozeramaileen Batzordeak eskaera tramiterako onartu dute, baina ez presaz. Hala, biharko osoko bilkuran gaia eztabaidatu beharrean, urtarrilean bozkatuko dute horren inguruan.

Hirutan proposatu du Nafarroako Parlamentuan CANen gaineko ikerketa batzorde bat sortzea, baina UPNk, PSNk eta PPk ez dute eskaera babestu. Ostiralean, ordea, ustelkeriari buruz egin zuten ponentzian, Santos Cerdan PSNko antolakuntza idazkariak jakinarazi zuen proposamenari baietz esango diotela. PSNk proposamena babestuta onartu dute eskaria tramiterako, baina alderdi horrek berak baztertu du auzia presaz eztabaidatu behar dela.

Urtarrilean erabakiko dute, halaber, zer ikertu nahi duten eta nor deituko duten parlamentuan azalpenak ematera. Hala ere, PSNk ohartarazi du ez duela "zentzu handirik" jada auzitegietan ikertutakoak berriz ikertzeak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna