Euskal presoak

Babes zabala jaso du Bilboko mobilizazioak

101 lagunek atxikimendua agertu diote Sarek urtarrilaren 10erako deitutako mobilizazioari: "Sakabanaketa amaitzea ezinbestekoa da".

Sare plataformaren agerraldia, atxikimenduen berri emateko.
Sare plataformaren agerraldia, atxikimenduen berri emateko. / Argazki Press

Hodei Iruretagoiena -

2014ko abenduak 23

Euskal presoen sakabanaketa amaitu beharra dagoela. Eskubide kontua dela. Hori adierazi nahi du Sare herritarrak Bilbon, urtarrilaren 10eko mobilizazioan. Gaur, deialdi horri babesa eman dioten 101 lagun ezagunen izenak jakinarazi dituzte, Bilbon egindako agerraldian.

Besteak beste, ondorengoek agertu dute atxikimendua: Jagoba Arrasate futbol entrenatzaileak, Ernest Benach Kataluniako parlamentuko lehendakari ohiak; Josep Lluis Carod Rovira Kataluniako Generalitateko lehendakariorde izanak; Pedro Miguel Etxenike fisikoak; Carlo Frabetti, Toti Martinez de Lezea eta Laura Mintegi idazleek; Julio Ibarra kazetariak; Paul Rios Lokarriko koordinatzaileak; Joane Somarriba eta Maider Unda kirolariek; Begoña Zabala juristak; Iñaki Zarraoa Getxoko alkate ohiak...

Gainera, manifestazioari babesa adierazi dio EH Bilduko Gipuzkoako Batzar Nagusietako taldeak.

Kartzeletara martxak antolatu ditu Sortuk

Sortuk, bestalde, bi mobilizazio antolatu ditu larunbaterako eta iganderako. Basauriko espetxe aurrean mobilizazioa egingo dute larunbatean, 13:00ean. Donostian, igandean izango da Martuteneko presondegira martxa. Bi abiapuntu jarri dituzte: Egiako epaitegiaren aurrean, eta Hernaniko Zinkoenea plazan, 11:30ean. "Euskal preso politikoak etxeratzeko borroka indartu beharra dugu", adierazi dute Sortukoek, ohar bidez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna