GIZARTEA

Ertzain bati bi urteko kartzela jarri diote, bi argazkilariri eraso zielako

Partida baten aurretik eraso zien borraz: eskuan jo zuen bat, eta kamera txikitu zion besteari. Lankideek ez zuten identifikatu eraso egin zuen ertzaina; "arraro samarra", dio epaileak.

Zigortutako ertzaina, borra jasota, argazkilariei begira. Alboan dagoen argazkilariari eraso zion lehenbizi.
Zigortutako ertzaina, borra jasota, argazkilariei begira. Alboan dagoen argazkilariari eraso zion lehenbizi. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS

Garikoitz Goikoetxea -

2014ko abenduak 27

Athleticek eta Mirandesek 2012ko otsailaren 7an San Mamesen jokatu zuten partidarako lanean ari ziren bi argazkilariak. Horretan ari zirela, ertzain batek, "inolako arrazoirik gabe", borra batekin jo zuen bat, eta kamera hautsi zion besteari, Bizkaiko Auzitegiak ebatzi duenez. El Mundo egunkariko Mitxi argazkilaria jo zuen poliziak, eta Jon Hernaez Argazki Press agentziako argazkilariari apurtu zioten kamera.

Egun horretan, Ertzaintzak segurtasun protokolo bat ezarri zuen Athleticeko jokalariak hoteletik zelaira eramateko. Bidean, istiluak piztu ziren Euskalduna jauregiaren parean. Epaian zehaztu dutenez, "pertsonak edo ondasunak babesteko beharrik gabeko egoera batean", ertzaina argazkilariarengana joan zen borra eskuan zuela, eta eskuan jo zuen.

94 eguneko errehabilitazioa behar izan zuen argazkilariak, eta ezin izan zituen ohiko lanak egin egun horietan. Gainera, hatzeko artikulazioen mugimendua mugatuta geratu zaio. Beste argazkilari batengana ere joan zen, eta kameran jo zuen.

Auzitegiaren arabera, "bitarteko arriskutsuak erabiliz" lesioak eragiteagatik zigortu dute ertzaina. Gainera, epaileari "arraroa" iruditu zaio gainerako ertzainak ez zirela gai izan eraso egin zuen polizia identifikatzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna