GREZIA

Urtarrilaren 25ean egingo dituzte hauteskundeak Grezian, Dimasek ez baitu jaso babes nahikorik

Demokrazia Berria alderdi kontserbadoreko hautagaiak 168 boto jaso zituen bigarren bozketan, eta beste horrenbeste hirugarrenean. 180 parlamentariren babesa behar zuen presidente izenda zezaten.

Greziako Parlamentua, herrialdeko presidentea aukeratzeko hirugarren bozketan.
Greziako Parlamentua, herrialdeko presidentea aukeratzeko hirugarren bozketan. Pantelis Saitas / EFE

Jon O. Urain -

2014ko abenduak 29

Hirugarren aldiz bozkatu dute Greziako Parlamentuan estatuko presidentea aukeratzeari buruz, eta Stavros Dimas hautagai kontserbadoreak ez du lortu presidente izateko adina botorik jaso; hamabira geratu da. Hirurehun parlamentarietattik 180ren babesa behar zuen, eta bigarren bozketako emaitzak errepikatu dira; 168 Dimasen alde.

Andonis Samaras lehen ministroak ohartarazia zuen Dimas presidentetzarako hautagaia babesten ez duena Syriza ezkerreko oposizioa babesten ariko dela: "Inork ez du eskubiderik izango ez zekiela esateko".

Iragan asteartean egin zuten presidentea aukeratzeko bigarren bozketa, eta 200 parlamentariren babesa behar zuen orduan Dimasek —ganberaren bi heren—. 168 lortu zituen, eta, beraz, hirugarren aukera izan du gaur. Lortu ez duenez, ordea, hauteskundeak aurreratu beharko dituzte, eta Syriza dago inkesten buruan. Alderdi horren mamua astindu du Samarasek parlamentarien babesa lortzeko.

Ez da ezusterik izan bozketan, ez baitzen espero Dimas 180ra iristea. Gobernuko bi indar nagusienaz gain —Demokrazia Berria eta Pasok—, 25 legebiltzarkide independenteetatik 13ren babesa jaso zuen bigarren bozketan Samarasen hautagaiak. Syrizak (71), Egunsenti Urrekara neonaziak (16), ANEL nazionalistak (12), KKE komunistak (12) eta Dimarrek (9) kontrako botoa iragarria zuten gaurko ere, eta, diputatu independente guztien babesa behar zuen Demokrazia Berriak bere hautagaia presidente izateko.

Greziako Konstituzioak hamar eguneko epe bat aurreikusi du parlamentua desegin eta hiruzpalau astera hauteskundeetara deitzeko; urtarrilaren 25erako iragarri ditu bozak Samarasek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna