Albistea entzun

HIZKUNTZA POLITIKA

Euskararako laguntzetan, kopuruari eta irizpideei eutsiko die Jaurlaritzak

Euskaltegietako ikasleei laguntzeko, %25 gehiago izango da: milioi bat euro guztira. Hedabideetan, 'irismena' izango da giltzarria. Deialdia urte hasieran egin dute, eragileek maiz eskatu duten moduan.

Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, 2015ean eskainiko diren diru laguntzen berri eman du.
Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, 2015ean eskainiko diren diru laguntzen berri eman du. Gorka Rubio / Argazki Press

Garikoitz Goikoetxea -

2014ko abenduak 29

Euskara sustatzeko diru laguntzen berri eman du Eusko Jaurlaritzak: datorren urteko deialdi gehienak indarrean dira jadanik. Berria da hori; azken urteetan, ekain aldean atera izan dituzte deialdiak, eta ebazpena, udazkenean. Ezegonkortasuna dakar horrek laguntza kobratzen dutenentzat. Iaz ere aitortu zuen arazo zela egoera hori Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, eta konpondu dutela nabarmendu du.

Diru laguntza deialdiei dagokienez, kopuruetan ez dago aldaketarik, salbuespen batekin: aurrekontuetan iragarri zutenez, euskara ikasleei diru laguntzak emateko saila %25 handituko dute. 800.000 euro jarri dituzte aurten, eta datorren urtean, milioi bat. Gobernuak euskara sustatzen ahalegin handia egiten duela nabarmendu du Baztarrikak, eta bi lehentasun ezarri ditu: erabilera bultzatzea —“euskara erabiltzeko aukerak sendotzea eta aukera berriak sortzea”— eta bereziki gazteekin lan egitea.

1. Euskaltegiak. Laguntza deialdietatik zati handiena da helduen euskalduntzeari dagokiona: 30,86 milioi. Euskaltegietarako laguntzak eta ikasleenak daude horien artean. Ikasleei laguntzeko diru sail handiagoa jartzea da berritasuna. Baztarrikak esan du matrikula ordaintzen egindako inbertsioa “osorik edo hein handi batean” berreskuratuko dutela ikasleek.

2. Euskalgintza. Euskararen erabilera sendotzeko proiektuak lagunduko dituzte horren bitartez. Lehentasun bat izango dute: haurren eta gazteen erabilera areagotzeko proposamenak. 980.000 euro izango da.

3. Euskarazko hedabideak. Aurtengo deialdiak zeresan handia jarri du. Irizpideak goitik behera aldatu ditu Jaurlaritzak, eta kontzeptu berri bat sartu du: irismena. Finean, hedabidearen eremuan zenbat diren elebidunak, eta haien artean zenbateko audientzia duen komunikabide horrek. Portzentaje horren araberakoak dira puntuen %70. Irizpide horrekin, kolpe handia jaso du BERRIAk —214.000 euro gutxiago aurten—. Irizpideari eutsi egingo dio Jaurlaritzak 2015eko deialdian ere, eta aurrekontuari ere bai: 4,87 milioi. Beste aldaketa batzuk egin ditu irizpideetan: hedabide bakoitzaren finantzaketa maila propioak zeresan txikiagoa izango du (hogei puntu beharrean, hamabost), eta handiagoa berrikuntzak (lau punturen ordez, bost) eta Bikain ziurtagiria izateak (hiru puntu ez, bost). Hedabideekin hizketan jarraituko duela berretsi du Baztarrikak; jakinarazi du “prozesu batean” murgildu dela haiekin, eta irizpideak ere mintzagai izango dituztela.

4. Erdarazko hedabideak. Gaztelania ardatz duten hedabideetako webguneetan euskarazko albiste batzuk sartzeko, laguntza emango die Jaurlaritzak enpresa horiei —PSEren gobernuak eten zuen laguntza, eta iaz berreskuratu zuen EAJk—. 400.000 euro izango dira. Aurrekontua iazko bera da. Kontuan izatekoa da, hala ere, deialdia berandu argitaratu zutenez, 180.000 euro banatu zituztela iaz; aurten, urte hasierarako atera dute.

5. IKT. Informazioaren eta komunikazioaren teknologietan euskarazko baliabideak eta aplikazioak sortzeko eta garatzeko deialdia izango da; finean, Interneten euskararen presentzia handitzea da helburua. Iazko aurrekontu bera izango du —807.500 euro—, eta deialdia urtarrilean egingo dute.

6. LanHitz. Enpresetan euskararen erabilera bultzatzeko deialdia da. Bi berrikuntza daude aurten: batetik, hizkuntza kudeaketan aurreratuen dauden dozena bat enpresatan egitasmo pilotu bat hasiko dute, euskaraz lan egin dezaten; bestetik, elkargo profesionalei lagunduko diete, profesionalek euskaraz lan egin dezaten. Deialdiak 1.595.000 euro ditu.

7. Udalak. Udaletan euskara sustatzeko planak egiteko diru laguntza bi urterakoa izango da, 2015erako eta 2016rako. Aurrekontua, beraz, handiagoa da aurreko urteen aldean: 2,77 milioi. Gazteak izango dituzte jomuga: eskolaz kanpoko ekintzan, familiako transmisioa... Deialdia urtarrilean egingo dute.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Auto ilara bat, Bilbo inguruan, artxiboko irudi batean. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Munduko batez besteko gas emisioak halako bi isurtzen da Euskal Herrian

Iosu Alberdi

Gaindegiak '2022ko adierazle galeria nagusia' txostena osatu du, lan publikoan eten baten ostean. Datu demografikoak, ekonomikoak, sozialak eta ingurumen arlokoak landu ditu behategiak
Osasun Bidasoa plataformako ordezkariak, atzo, Eusko Legebiltzarrean. ©BERRIA

Osakidetzaren kudeaketa eredua auzitan jarri du oposizioak legebiltzarrean

Edurne Begiristain

Oposizioko talde guztiek kritikatu dute Jaurlaritzaren Osasun Sailaren jarduteko era «bertikala». EAJk eta PSEk elkarrizketa defendatu dute
Euskal Eskola Publikoaz Harro-ren agerraldia, atzo, Bilbon ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Salatu dute matrikulazioa aldatu arren Jaurlaritzak itunpekoa babestuko duela

Irati Urdalleta Lete

Euskal Eskola Publikoaz Harro-k ohartarazi du ikasle kalteberak sareen artean banatzeak haiek estigmatizatzeko arriskua eragiten duela
Azagran emaztea hiltzea egotzi dioten gizona, atzo, epaiketan. ©JESUS DIGES / EFE

Gizon bat epaitzen hasi dira, andrea hiltzen saiatzea egotzita

Berria

Gizonak, emaztea hiltzat jo ondoren, Lizarrara jo zuen, polizia etxera, bikotekidea hil zuela esanez

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.