Ezbeharra Indonesian

AirAsiako hegazkinaren aztarnak eta hainbat gorpu aurkitu dituzte

Java itsasoan, Indonesian, aurkitu dituzte igandean desagertutako hegaldiaren hondakinak, harremanak eten ziren zonaldetik gertu.

Larrialdi zerbitzuetako langileak, ustez hegazkinaren larrialdietako arranpa eramaten. /
Larrialdi zerbitzuetako langileak, ustez hegazkinaren larrialdietako arranpa eramaten. / Badus Indahono/Efe

Adrian Garcia -

2014ko abenduak 30

Atzo zabaldu zutenez, hegazkina itsasora erori izanaren hipotesia zerabilten bilatzaileek, eta hegazkinaren arrastoak aurkitu dituzte ur gainean, Sumatra eta Bangkako irlen artean.

Indonesiako Bilaketa eta Erreskate Agentziak koordinatzen ditu bilaketa lanak, eta agentzia horren arabera, arrantzale batek topatu du hegazkinaren atea izan daitekeena, besteak beste. Radarrak azken aldiz hegazkina antzeman zuen posiziotik hamar bat kilometrora aurkitu ditu aztarnak arrantzaleak.

Indonesiako Gobernuak baieztatu du aztarna horiek galdutako hegazkinarenak direla, Air Asia konpainiaren ikurra identifikatu baitute agertutako hainbat objektutan. Hainbat gorpu ere ikusi dituzte ur gainean, eta horietako 40 erreskatatu dituzte. Itzal handi bat antzeman dute itsas hondoan, eta uste dute hegazkina izan daitekeela hori.

Bilaketa lanetan ari dira Australia, Txina, Hego Korea, Ameriketako Estatu Batu, Malaysia, Zeelanda Berri, Tailandia eta Indonesiako taldeak.

Indonesiatik Singapurrera zihoan Air Asia konpainiako hegazkina, eta 162 lagun zeramatzan. 155 bidaiari eta hegazkin konpainiako zazpi kide; Air Asiak emandako informazioaren arabera, Indonesiako 156 lagun, hiru Hego Koreako, Malaysiako bat, Singapurreko bat eta Frantziako bat. Igandean desagertu zen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna