UDAL ETA FORU HAUTESKUNDEAK

Proposamenak zehazteko garaia

Bozetara nola aurkeztu erabakiko du Podemosek, eta erkidegoetako buruak hautatuko ditu.

Gasteizko Podemosen zuzendaritzaren aurkezpena.
Gasteizko Podemosen zuzendaritzaren aurkezpena. Raul Bogajo / Argazki Press

Berria -

2015eko urtarrilak 3

Herri kontseiluetako kideak eta alderdiko tokiko idazkari nagusiak aukeratuta, Podemos-Ahal Duguk agerraldiak egin ditu Bilbon, Donostian eta Gasteizen, alderdiaren asmoen berri emateko. Halaber, gutun ireki bat plazaratu dute Nafarroan.

Bilbon, udalaren kontu-ikuskaritza bat sustatzeko asmoa agertu du Lander Martinez idazkari nagusiak, azalduz ikuskaritza "herritar" hori udal kanpotik egingo litzatekeela. Podemos markaren pean aurkezteko aukera baztertu du, baina prest azaldu da herritarren plataformaren bat babesteko. "Oinarri soziala zabaltzea" izango da alderdiaren erronketako bat Bilbon, Martinezen esanetan. Presoen eskubideen alde urtarrilaren 10erako deitutako mobilizazioa babestuko duten galdetuta, erantzun du oraindik ez dutela erabaki.

Donostian, Hannot Sansinenea idazkari nagusiak nabarmendu du gaur-gaurkoz ez dagoela Gipuzkoako hiriburuan hautagaitzarik "babestu ahal izateko baldintzak betetzen dituenik". Hala ere, zehaztu du egongo balitz babesteko prest leudekeela.

Gasteizen, ia guztiz baztertu du Podemosek Araban Ikunerekin batera aurkezteko aukera. Fernando Iglesias Podemos-Ahal Duguko Gasteizko idazkari nagusiak nabarmendu du alderdi horrekin elkarlanean aritu nahi duen oroko "errespetatu" egin behar duela Podemosen funtzionamendua. Ez du argitu, nolanahi ere, udal hauteskundeetan hautagaitza aurkeztuko duten edota beste izen batekin egongo den bozetan.

Nafarroan, alderdiko kontseiluek argitaratutako gutunean, herrialdeko "aldaketa sozialaren lidergoa" eramateko prest agertu dira, eta "ustelkeriak erakundeekiko urratutako konfiantza" berreskuratzea izango dute helburu. Egungo egoeraren aurrean, beste gizarte eredu bat eraikitzea posible dela argudiatu dute, "elkarbizitza eta integrazioa, pertsonen arteko errespetua eta ura, argia, elikagaiak, arropa, berogailua, etxebizitza eta kultura bezalako oinarrizko zerbitzuak" ardatz izango dituena. Podemosen proposamena "oso argitzat" jo dute, pertsonen ahalduntzea, gobernu ekintzen gardentasuna eta Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren bermea aipatuz.

Lehen hautagaitza EAErako

Urtarrilean eta otsailean zehar aukeratuko ditu Podemosek erkidegoetako kontseiluak eta idazkari nagusiak. Euskal Autonomia Erkidegoan, hautagaitza aurkeztuko duela jakinarazi du Euskal Hiria plataformak. Hautagaitza "plurala" izango dela adierazi dute, joera ideologiko "transbertsala" izango dutenak. Begoña Bilbao zuzenbidean lizentziadunak, Rafael Sainz de Rozas abokatu eta EHUko irakasleak, Ana Viñals publizitatean lizentziadunak, Roberto Uriarte EHUko Zuzenbide Konstituzionaleko irakasleak, Dominique Saillard itzulpengintzan lizentziadunak, Luis Alejos soziologoak, Gonzalo Larruzea filologoak, Rafa Ajangiz EHUko Politika Zientzietako irakasleak eta Gilen Nuñez ingeniariak osatzen dute hautagaitza.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna