EUSKAL PRESOAK

EPPK-ko bitartekari taldea aske uzteko eskatu dute, deliturik egin ez dutela-eta

Jon Enparantza eta Arantza Zulueta abokatuen egoera kritikatu dute, oroitaraziz urtebete daramatela bakartuta.

Zuluetaren senide eta lagunek eginiko agerraldia.
Zuluetaren senide eta lagunek eginiko agerraldia. / Argazki Press

Berria -

2015eko urtarrilak 3

Urtarrilaren 8an beteko da urtebete Guardia Zibilak EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko bitartekari taldeko zortzi kide atxilotu zituenetik. rantxa Zulueta, Jon Enparantza, Aitziber Sagarminaga, Jose Luis Campos, Egoitz Lopez de La Calle, Aintzane Orkolaga, Asier Aranguren eta Mikel Almandoz izan ziren atxilotuak.

Deliturik egin ez dutela argudiatuta, zortziak libre uzteko eskatu du Zuluetaren senide eta lagun talde batek, eta Zuluetaren eta Enparantzaren egoeraz ohartarazi dute. Ia urtebete daramate isolatuta, eta biak neurri horrekin egotearen erabakia "Espainiako Gobernuaren mendekua" besterik ez dutela uste dute. Torturatzat jo dute bien egoera.

Gogorarazi dute EPPK-ko bitartekari taldea "euskal preso politikoen kolektiboaren hausnarketak eragile politiko eta sozialen artean zabaltzeko" asmoz sortu zela, besteak beste, gogoeta horiek Foro Sozialaren gisako espazioetan partekatzeko: "Misio horrekin, eta ez besterekin, bilerak egin zituzten alderdi politiko, autoritate, sindikatu eta askotariko eragile politikoekin", azaldu dute, eta erantsi: "Hori izan zen euren delitua".

Bat egin dute urtarrilaren 10ean euskal presoen eskubideen alde egingo duten mobilizazioarekin.

Urrian ohartarazi zuten Enparantza "muturreko eran" bakartuta dagoela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna