Politika

Didier Rouget abokatua hil da, 'Parot doktrina' Estrasburgora eraman zuenetako bat

Gaixotasun luze baten ondorioz hil da. Giza eskubideen alorrean egin zuen lanagatik eta euskal gatazkarekin lotutako hainbat auzitan parte hartzeagatik zen ezagun. Larunbatean erraustuko dute gorpua, 8:30ean, Miarritzeko beilategian.

Ezkerretik eskuinera, Didier Rouget eta Julen Arzuaga, artxiboko irudian.
Ezkerretik eskuinera, Didier Rouget eta Julen Arzuaga, artxiboko irudian. Gari Garaialde / Argazki Press

Arantxa Elizegi -

2015eko urtarrilak 6

Parisen jaio arren, Uztaritzen bizi zen Rouget azken urteotan abokatua. Bart hil da 62 urterekin. Larunbatean erraustu egingo dute haren gorputza, Miarritzeko beilategian, 8:30ean. Rougeten sendiak bihar bisitak jasoko ditu, etxean, 16:00-19:00 artean.

Oso gaztetatik ezkerreko mugimenduei lotuta aritu zen Rouget eta Burgosko prozesuen aurkako manifestazioetan ere hartu zuen parte. Hortik aurrera gertutik jarraitu izan zuen Euskal Herriko gatazka. Gerora, zuzenbide ikasketak amaitutakoan eta elkartasun batzordeetako kide izanik, euskal iheslariei eta haien familiei laguntzen aritu zen, askorentzako erreferente bilakatuz.

Giza eskubideen alorrean aritu zen lanean urte luzez Rouget, eta bera izan zen, Ainhoa Baglietto, Amaia Izko eta Olivier Peter  abokatuekin batera, Parot doktrina Estrasburgoko auzitegietara eraman zuena ere. Dena den, horren aurretik Euskal Herriko gatazka politikoarekin lotutako beste hainbat auzitan ere parte hartu izan zuen, besteak beste, hainbat tortura salaketa eraman zituen Europako Giza Eskubideen Auzitegira eta baita HB, EH eta Batasunaren legez kanporatzearen aurkako helegiteak aurkeztu ere.

Doktore tesia torturari aurre egiteko neurriei buruz egin zuen, eta gerora ere gai horri bereziki lotuta egon zen Rouget. 1997an, esaterako, hiru guardia zibil zigortzea lortu zuen, bost urte lehenago Kepa Urra presoari tratu txarrak eragiteagatik. Bi urte geroago, berriz, NBEko Torturaren aurkako Batzordeak Frantzia zigortzea lortu zuen, 1987an Josu Arkauz Espainiaren esku utzi izanagatik —Arkauz torturatu egin zuen Espainako Poliziak—.

Rouget izan zen, baita ere, Iñigo Iruinekin batera Martxelo Otamendi Egunkaria-ko zuzendari ohiaren tortura salaketak Estrasburgora eraman zituena. Europako auzitegiak Espainia zigortu egin zuen 2012an, Otamendik 2003an salatutako tratu txarrak ez ikertzeagatik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Arantxa Elizegi

Informazio osagarria