Atentatua Parisen

Hamabi lagun hil dituzte 'Charlie Hebdo' aldizkariaren aurkako erasoan, Parisen

Bi gizon Parisko egoitzara sartu dira arma automatikoak zeramatzatela, eta tiroka hasi dira. Hamar kazetari eta bi polizia hil dituzte. Lekukoen arabera, Al-Qaedakoak zirela esan dute erasotzaileek. François Hollandek "eraso terroristatzat" jo du gertatutakoa. Poliziak aurkitu du ihesaldian erabili duten autoa, eta muturreko islamismoarekin lotu dituen hiru gizonezkoren bila ari da.

Polizia eta larrialdi zerbitzuak 'Charlie Hebdo' aldizkariaren egoitzan. ETIENNE LAURENT / EFE
2015eko urtarrilaren 7a
07:16
Entzun

Erasoa gertatu den unean, Charlie Hebdo aldizkariko zuzendaritza bilera bat ari zen egiten, asteazkeneroko moduan. 10:00etan hasiak ziren. Erasoaren lekukoek 11:30 aldera bizpahiru lagun ikusi dituzte Parisko egoitzara sartzen. Zenbait iturriren arabera 30 bat tiro egin dituzte. Corinne Rey Coco marrazkilariak L'Humanité aldizkariari azaldu dionez, bera erredakziotik atera berria zen haurtzaindegira haurraren bila joateko, eta atean topatu ditu erasotzaileak. "Atera iristean kaputxa jantzita eta armatuta zeuden bi gizonek modu basatian mehatxatu gaituzte", adierazi du Coco-k.

Ondoren adierazi duenez, erasotzaileak bikain mintzatzen ziren frantsesez eta Al-Qaedakoak zirela esan dute. Erasoak, bere hitzetan, bost minutu inguru iraun ditu. Mahai baten azpian sartuz salbatu du bere burua. Erasotzaileak auto beltz batean ihes egin dute. "Allah Akbar" —"Ala handia da"— ere oihukatu dute lekukoen arabera, baina ezein erakundek ez du oraingoz erasoa aldarrikatu. Ihesaldian polizietako bat hil dute.

Azken berrien arabera, Frantziako Poliziak identifikatu ditu ustezko hiru erasotzaileak; 32 eta 34 urteko bi anaia, eta 18 urteko beste gizon bat lirateke. Frantziako nazionalitatea leukakete, eta muturreko talde islamistekin lotura lukete, Poliziak zenbait hedabideri adierazi dienez. Haien bila jarraitzen dute.

Guztira, hamar hildako kazetariak dira, eta bi, poliziak. Stephane Charbonnier Charb zuzendaria eta Jean Cabut Cabu, Georges Wolinski eta Bernard Verlhac Tignous marrazkilariak daude hildakoen artean. Charb duela bost urtetik zen zuzendari. Cabu-k 1970ean aldizkaria sortu zenetik kolaboratzen zuen; 77 urte zituen. Wolinski 1934ean jaio zen, eta L'Humanite-n, Hara-Kiri-n Paris-Presse-n eta Paris Match-en argitaratu izan ditu bere lanak. Tignous Parisen jaio zen 1957an, eta Charlie Hebdo-n aritzeaz gain Marianne eta Fluide glacial astekarietan ere kolaboratzen zuen. 

Richard Malka aldizkariko abokatuak jakinarazi ditu France Info irratian lau horien nortasunak. Hamabi hildakoez gain, hogei zauritu eragin ditu erasoak, horietatik lau, larri. Bernard Cazeneuve Frantziako Barne ministroak jakinarazi duenez indar polizial guztia erasotzaileen bila jarri dute. Hiru gizonen bila ari dira zehazki, "egin duten ekintza basati horrek merezi duen gogortasun guztiarekin zigortu ditzaten". Zenbait iturriren arabera Poliziak aurkitu du erasotzaileek ihes egiteko erabili duten autoa. Guztira, 3.000 polizia. ari dira bilatze lanetan. Irudiak:

Frantziako Gobernuak presazko bilera egin du erasoaren berri izan ostean Eliseoetan, alerta maila gorena eman du Ile-de-France eskualde osoan, eta babesa indartu dute hedabideetan, denda handietan, garraioetan eta gurtza zentroetan. François Hollande Frantziako presidenteak baieztatu du 11 direla gutxienez hildakoak, eta lau larri zauritu dituztela. "Zalantzarik gabe" eraso "terroristatzat" jo du gertatutakoa, eta "irmotasunez" erantzuteko konpromisoa agertu du: "Erasotzaileak zigortuko ditugu".

Ezkerreko aldizkari sartirikotzat jotzen da Charlie Hebdo; 1992an sortu zen, 1969 eta 1981 artean argitaratu zen Hara-kiri hebdo aldizkariaren jarraipen gisa. 2006. urteko otsailean Mahomaz argitaratu zituen karikatura batzuek polemika piztu zuten, eta 2011ko azaroan molotov koktelekin egin zioten eraso egoitzari, karikatura horien harira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.