Euskal presoak
Larunbatean Bilbora joatera deitu ditu Sarek giza eskubideen alde dauden guztiak
Jendetza espero du presoen sakabanaketaren aurkako mobilizazioan, eta, kolapsoak saihesteko, garraio publikoa erabiltzeko gomendatu du. Zerbitzu publikoa indartzeko eskatu dio "dagokion instantziari".

Larunbatean Now Euskal Herrira! leloarekin euskal presoen sakabanaketaren aurka Bilbon egingo den mobilizazioa jendetsua izango dela espero du Sarek. Horren lekuko, 250 bat autobus antolatu dira jada, Euskal Herritik zein kanpotik.
Isila izango da protesta, eta pankartarik gabea. Baina aldarria "argi" adieraziko dela esana du Sarek. Protestariek argiak izango dituzte eskuetan, eta une jakin batean piztuko dituzte, argazki adierazgarria uzteko.
17:30ean abiatuko da mobilizazioa, Casillatik eta udaletxe aurretik. Presoen senideek eta horiek espetxeetara eramaten dituzten Mirentxin Gidariek abiatuko dituzte bi martxak, eta Zabalburun elkartuko dira. Horien atzetik abiatuko dira herritarrak, norabide berean, iristen diren tokiraino.
Senideak Zabalburura iristean ekitaldia izango da bertan, eta ibilbide osoan entzun ahal izango da. Fermin Muguruza musikaria eta Saroi Jauregi aurkezlea arituko dira gidari lanetan, Amets Arzallusek, Maialen Lujanbiok eta Igor Elortzak bertso bana kantatuko dute, eta Agus Barandiaranek, Rafa Ruedak eta Aire Ahizpek jarriko dute musika. Eguneko mezua presoen bi senidek emango dute.
Goizean, 11:00etatik 15:00etara, informazio gunea egongo da Areatzan, karpa baten pean. Horrez gain, Zazpikaleetan egunpasa egiteko aukera izango dela ziurtatu dute.
Elkarbizitza eta bakerako bidean presoen eskubideak errespetatu eta sakabanaketa amaitzea beharrezkoa dela sinetsita, horretan laguntzeko eskatu die Sarek herritarrei. Eta, horretarako, larunbateko mobilizazioan parte hartzeko. "Asko dugu guztiok irabazteko", argudiatu dute Teresa Todak eta Joseba Azkarragak protestaren xehetasunak emateko egindako agerraldian.
Kinka buletina
Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.