Euskal presoak

Larunbatean Bilbora joatera deitu ditu Sarek giza eskubideen alde dauden guztiak

Jendetza espero du presoen sakabanaketaren aurkako mobilizazioan, eta, kolapsoak saihesteko, garraio publikoa erabiltzeko gomendatu du. Zerbitzu publikoa indartzeko eskatu dio "dagokion instantziari".

Teresa Toda eta Joseba Azkarraga.
Teresa Toda eta Joseba Azkarraga. / Argazki Press

Aitziber Laskibar Lizarribar -

2015eko urtarrilak 7

Larunbatean Now Euskal Herrira! leloarekin euskal presoen sakabanaketaren aurka Bilbon egingo den mobilizazioa jendetsua izango dela espero du Sarek. Horren lekuko, 250 bat autobus antolatu dira jada, Euskal Herritik zein kanpotik.

Isila izango da protesta, eta pankartarik gabea. Baina aldarria "argi" adieraziko dela esana du Sarek. Protestariek argiak izango dituzte eskuetan, eta une jakin batean piztuko dituzte, argazki adierazgarria uzteko.

17:30ean abiatuko da mobilizazioa, Casillatik eta udaletxe aurretik. Presoen senideek eta horiek espetxeetara eramaten dituzten Mirentxin Gidariek abiatuko dituzte bi martxak, eta Zabalburun elkartuko dira. Horien atzetik abiatuko dira herritarrak, norabide berean, iristen diren tokiraino.

Senideak Zabalburura iristean ekitaldia izango da bertan, eta ibilbide osoan entzun ahal izango da. Fermin Muguruza musikaria eta Saroi Jauregi aurkezlea arituko dira gidari lanetan, Amets Arzallusek, Maialen Lujanbiok eta Igor Elortzak bertso bana kantatuko dute, eta Agus Barandiaranek, Rafa Ruedak eta Aire Ahizpek jarriko dute musika. Eguneko mezua presoen bi senidek emango dute.

Goizean, 11:00etatik 15:00etara, informazio gunea egongo da Areatzan, karpa baten pean. Horrez gain, Zazpikaleetan egunpasa egiteko aukera izango dela ziurtatu dute.

Elkarbizitza eta bakerako bidean presoen eskubideak errespetatu eta sakabanaketa amaitzea beharrezkoa dela sinetsita, horretan laguntzeko eskatu die Sarek herritarrei. Eta, horretarako, larunbateko mobilizazioan parte hartzeko. "Asko dugu guztiok irabazteko", argudiatu dute Teresa Todak eta Joseba Azkarragak protestaren xehetasunak emateko egindako agerraldian.
 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna