Hainbat herritan dabil Polizia atzoko bi erasotzaileen bila

Frantzia iparraldean dabiltza 'Charlie Hebdo'-ren aurkako erasoaren egileen bila. Zazpi dira orain arte atzemandakoak, Frantziako hedabide ugariren arabera. Ihesean jarraitzen dute erasoaren bi egileek, eta Poliziak uste du 34 eta 32 urteko bi anaia direla. Meskita bati eraso diote Mansen, eta beste bati Villefranche-sur-Saonen. Polizia bat tiroz hil dute gaur goizean. Datorren astean kioskoetan izango dela baieztatu du aldizkariak.

Dammartin-en-Goeleko operazioa

Jon O. Urain -

2015eko urtarrilak 8

France3 kateak jakinarazi du arratsaldeko lehen orduetan ustezko bi erasotzaileak Crepy-en-Valois herrian zeudela,  Oise eskualdean, baina Polizia inguruetan dabil horien bila, eta ezer ez dute baieztatu. Ordu batzuk lehenago handik gertu ikusi dituzte, Aisne herrian. Errepideko zerbitzugune batean geratu dira, Renault Clio zuri batean zihoazela. Zerbitzuguneko kudeatzaileak jakinarazi du kaputxa jantzita eta armaturik zeudela eta lapurtu egin dietela. Pariserako bidean zihoazela uste du Poliziak. Herri hori Paris eta Belgikako mugaren artean dago, eta Frantziako Polizia inguruetan kokatu da.

Frantziako estatua eta gizartea astindu ditu Charlie Hebdo egunkariko langileen kontrako erasoak. Hamabi lagunen hilketaren biharamunean, biktimak oroitu dituzte eguerdian, minutu batez isilik egonez. Jendetza batu da hainbat hiritan, eta Ipar Euskal Herrian ere elkarretaratzeak egin dituzte. Baita Europako beste leku batzuetan ere, Europako Parlamentuan kasurako:

Manuel Valls Frantziako lehen ministroak jakinarazi du gauean hainbat lagun atxilotu dituztela aldizkariaren kontra eginiko erasoaren harira. Ez du zehaztu zenbat lagun atzeman dituzten, ezta gertatutakoarekin zenbaterainoko lotura duten ere, baina argitu du tiroak egin izanaren bi susmagarriak ez daudela atxilotuen artean. Hainbat kazetak, Liberation-ek, esaterako, argitaratu dute zazpi direla atxilotuak.

Poliziak identifikatu ditu ustezko erasotzaileak; 32 eta 34 urteko bi anaia eta 18 urteko gazte bat lirateke, lehen biak behintzat frantziarrak. LePoint-ek dioenez, Siriatik itzuli ziren udan. Gazteenak bere burua aurkeztu du Charleville-Mezieresko polizia etxean, eta errugabetasuna aldarrikatu du.

Aldizkariaren kontrako erasoaren biharamunean, Charlie Hebdo-k jakinarazi du datorren astean kioskoetan izango dela astekaria. Normalean 60.000 ale inguru argitaratzen ditu, baina datorren astean milioi bat ale inprimatuko dituzte. Ohiko hamasei orrien ordez, zortzi izango ditu, Richard Malka astekariko abokatuak adierazi duenez. Canal+, Liberation eta Le Monde-k lagunduko diote.

Gaur, ordea, beste eraso batek piztu ditu alarmak berriro; Malakoffen, Paris hegoaldean, polizia bat tiroz hil eta beste bat zauritu dute 07:15 aldera, zirkulazio istripu baten ostean. Hala ere, oraingoz ez dago gaurko gertakariak eta atzokoak lotzeko zantzurik.

Horrez gain, meskita batetik gertu dagoen taberna batean leherketa bat izan da Villefranche-sur-Saonen. Poliziak ez du gertakaria atzoko erasoekin lotu, baina baieztatu du ez dela istripu bat izan. Mansen, granada bat eta bala bat aurkitu dituzte meskita batean.

Hollande eta Sarkozyren bilera

Nahasmen egoera horretan, batasun irudia eman nahi izan dute François Hollandek eta Nicolas Sarkozyk. Frantziako presidentea UMPko buru eta errepublikako presidente ohiarekin bildu da Eliseoan. Aurretik, gobernua bildu du Hollandek. Sarkozyk nabarmendu du erasoaren aurrean "zibilizazioak defendatzeko ardura" duela.

Fronte Nazionaleko buru Marine Le Penek, berriz, gogorarazi du bera Frantziako presidente aukeratuz gero heriotza zigorrari buruzko erreferendum bat egin nahiko lukeela eta bera "pertsonalki alde" legokeela: "Uste dut heriotza zigorra izan behar dugula gure armategi juridikoan".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna